euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platako Euskal Etxeko txikiek gutuna idatzi diote Olentzerori; Gabon Gauaren zain irrikitan daude orain

2007/12/19

Haurrak Euskararen Asteko ekitaldi askoren protagonista izan ziren (argazkiak Artaburu Euskaltzale Elkartea)
Haurrak Euskararen Asteko ekitaldi askoren protagonista izan ziren (argazkiak Artaburu Euskaltzale Elkartea)

PUBLIZITATEA

Denak Bat Euskal Etxeko txiki eta gaztetxoak Gabon Gaua noiz iritsiko zain daude, Olentzeroren etorreraren esperoan. Etxeko lanak aurretik eginda dituzte, denek idatzi eta bidali diotelako gutuna Gabonetako jeinu onari. Euskal Etxeak postontzi berezia prestatu zuen eta Olentzerok bertan jasoko ditu gutunak eta urtean zehar txintxoak izan diren umeei opariak ekarriko dizkie Gabon Gauean. Bihurriak izan direnek, ordea, ikatza topatuko al dute oparien ordez biharamunean?
Denak Bat Euskal Etxeko 'Artaburu Euskaltzale Elkartea'k lan eskerga egiten du euskara elkarteko kideen bizitzan sartu eta garatzeko, aktibitate ludiko eta bizien bidez. Dudarik gabe umeak gehien erakartzen dituen pertsonaietako bat Olentzero da eta Gabonak datozela aprobetxatuz Denak Batekoek euskal mitologiako jeinuari buruzko tailerra antolatu zuten.

Elkarteko kideek Olentzero nor den azaldu zieten umeei eta Gabonetan opariak ekartzen dituen pertsonaiaren istorioa kontatu zieten. Txiki eta gaztetxoen taldeek hartu zuten parte tailerrean eta gutuna idatzi zioten Olentzerori. Tailerra euskara eta dantza ikastaroen urte bukaerako jaia izan zen.

Nola idatzi gutuna Olentzerori

Tailerra euskara irakasle eta ikasle helduek antolatu zuten, txiki eta gaztetxoen Beti Alai dantza taldeko irakasle eta dantzari nagusien laguntzarekin. Haurren gurasoek ere ez zuten ekitaldi berezi honetan parte hartzeko aukera galdu nahi izan. Jarduerak bi arlotan banatu zituzten: Hizkuntza Txokoa eta Arte Txokoa.

[Goiko irudian 'Olentzerori Gutuna' tailerrean parte hartu zuten umeetako batzuk]

Haurrak euren dantza eta euskara irakasleek lagunduta heldu ziren Euskal Etxera eta biribilean eseri ziren elkar agurtu eta 'Pintxo-pintxo' abestia kantatzeko. Jarraian Hizkuntzaren Txokoan sartu ziren eta bertan Olentzeroren istorioa kontatu zieten nagusiek. Haurrek euskarazko hiztegi oinarrizkoa --sasoi honetarako oso praktikoa-- praktikatu zuten: opari, jostailu-denda, bizikleta, ikatza, eta horrelakoak.

[Goiko irudian tailerreko bi irakasle haurrei gutuna nola idatzi azaltzeko erabili zuten panelarekin]

Ondoren haur bakoitzak gutun eredu bat jaso zuen (euskaraz eta gazteleraz). Txikienek gutuna gurasoen laguntzarekin bete zuten, jostailuen eta euskarazko hitzen irudia zuten pegatinak erabiliz. Idazten eta irakurtzen zekitenek, aldiz, oinarrizko eredu bat erabili zuten eta bertan Gabonetarako nahi zituzten jostailu edo gurariak idatzi zituzten.

[Goiko irudian Olentzeroren istorioaren azalpeneko une bat]

Gutuna bukatu zutenean haur bakoitzak gutunazal bat jaso eta gurasoen laguntzarekin Euskal Etxeak jarri duen Olentzeroren postontzian sartu zuen. Olentzerok bertatik jasoko ditu gutunak eta gabon gauean Santa Klausekin batera etxera eramango dizkie eskatutako edo merezitako opariak. Baldintza bat dago baina, haurrak txintxo portatu beharko baitira oparirik jaso nahi izanez gero...

Artearen Txokoa

Tailerraren bigarren zatia Artearen Txokoa izan zen eta bertan umeek Olentzeroren irudia erraldoi bat margotu zuten. Txokoan dantza zuzendariek eta euskara ikasle eta irakasleek lagundu zuten. Tailerrean egindako lan horren emaitza egun batzuk beranduago hiriko frantziskotarren haur jangelara eraman zituzten oparietako bat izan zen.

[Goiko irudian umeek tailerrean egin zituzten marrazkiak]

Ekitaldia bukatzeko umeen artean opariak banatu zituzten antolatzaileek eta talde argazki bat hartu zuten. Egunari bukaera biribila emateko haurrentzako askaritzarra egin zen.

[Olentzeroren tailerrean parte hartu zuten hiru laguntzaile]


Lotura interesgarriak

Denak Bat Euskal Etxea, Mar del Plata
www.denakbat.org.ar

Mar del Platako euskara eta euskal kultura lantegia
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 24ean

Denak Batek San Migel ospatu zuen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 13an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia