euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platako Euskal Etxeak astebeteko ekitaldi egitarauarekin gogoratu zuen Gernikako bonbardaketa

2007/05/08

Mar del Platako Gernikako Arbolaren kimua, euskaldunek 1955ean landatua (argazkia DenakBatEE)
Mar del Platako Gernikako Arbolaren kimua, euskaldunek 1955ean landatua (argazkia DenakBatEE)

PUBLIZITATEA

Mundu osoko hainbat lekutako hamaika Euskal Etxeen antzera Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena gogoratu zuen, astebeteko ekitaldi egitarau batekin. Astean zehar gertakariaren historiaren inguruko ikastaro eta mintzaldiak izan ziren entzungai Mar del Platako Euskal Etxean. Ekitaldi nagusia apirilaren 26an Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean eginiko omenaldia izan zen.
Denak Bat Euskal Etxeak ez zuen huts egin Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren hitzorduan, munduan zehar sarraskia oroitu duten euskal komunitate guztiekin bat eginez. Euskal Etxeak ekitaldi egitarau mardula antolatu zuen, apirilaren 23 eta 24ean hasita, Gernikari buruzko euskara klase bereziekin. Asteazkenean, apirilak 25, Euskara eta Euskal Kultura Tailerrean ere Gernikak euskaldunentzat duen esangura azaldu zuten. Ekitaldi nagusia apirilaren 26an bertan izan zen, 70. urteurrenarekin batera. Eguneko jarduerak goizeko 11.00tan hasi ziren eta hiriko Concejo Deliberantek, bere lehendakari Mauricio Irigoin euskal argentinarra buru zuela, Gernikako biktimei omenaldia egin zien. Eguerdian oroimenezko ekitaldi bat egin zen Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean eta Denak Bateko lehendakari Juan Martin Azarlozak 'Gernikako Adierazpena' irakurri zuen.

Ekitaldira bertaratu zirenen artean euskal etxeko lehendakariaren aita zegoen, Bingen Azarloza, bonbardaketa bertatik bizi izan zuen Mar del Platako euskaldun bakarra. 1937ko apirilaren 26 hartan Azarloza, Eusko Alderdi Jeltzaleko kidea bera, taxi batean zihoan Zornotzatik Gernikara. Bidean hegazkin alemaniarren erasoa ikusi eta buelta ematea erabaki zuten. Handik gutxira Azarlozak Frantzia aldera ihes egin behar izan zuen eta jarraian Argentinara. Mar del Platan lekutu zen eta harrez gero bertako euskal komunitateko kide gogotsua izan da. Gernikako bonbardaketaten oroitzapenezko ekitaldia oso hunkigarria izan zen berarentzat.

Ekitaldiek jarraipena izan zuten 26an arratsaldean, Euskara eta Euskal Kultura Tailerraren bigarren zatiarekin. Oraingoan azalpenak Jose Maria Iparragirreri buruzkoak izan ziren, berak sortutako 'Gernikako Arbola' ereserkia ardatz. Bukatzeko, ostiralean, maiatzaren 27an, asteko azken ekitaldiak izan ziren. Euskal etxe aurrean dantza taldeek eman zuten erakustaldiarekin hasi zen eguna eta ondotik Euskal Kultura Tailerraren klase berri batean Pablo Picasso margolariaren Guernica margolana aztertu zuten. Arratsaldeko 20:30etan 36ko Gudako Afitxe erakusketa bat inauguratu zuten eta 'Gernikako bonbardaketa' dokumentalaren emanaldia egin zen Euskal Etxeko Jose Ariztimuño liburutegian.


Lotura interesgarriak

Denak Bat Euskal Etxea, Mar del Plata
www.denakbat.org.ar

Korrika Mar del Platara heldu da
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 27an

Artaburu elkarteak 'Nafarroa Oinez' antolatu du Mar del Platan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 26ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia