Mar del Plata, Argentina. Bertako Euskal Etxearen 75. urtebetetzea ari da ospatzen egun hauetan Mar del Platako euskal gizataldea. Asmo horrekin lagunentzako bazkaria egin zuten joan den igandean, uztailaren 22an, eta gaur, berriz, lau talderen arteko Pilota Txapelketa gauzatuko du.
75. urteurreneko Pilota Txapelketara eskualdeko maila handiko kirolariak bildu ditu, tartean Denak Bat-eko Iker Garay-Juantxi Azarloza; Pueyrredon Klubeko Maximiliano Matta-Augusto Briñon, eta Nazioarteko Txapeldun Julian Stabon (z)- Claudio Tonatto; eta Miramarreko San Ignacio Klubeko Ignacio Radrizzani-Gerónimo Triviño.
Partidak Euskal Etxeko “Teyu Cuare” trinketean izango dira, arratsaldeko 7etatik aurrera, sarrera doanik.
75. urteurreneko bazkaria
140 lagun bildu ziren joan den igandean Euskal Etxeko areto nagusian urtebetetzeko paellaz gozatzeko. Erakundeko lehendakari Asier Iriberri Plazaolak eman zien ongietorria gonbidatuei eta etxeko batzordearen izenean, berari tokatu zitzaion Euskal Etxeko lehendakari ohi guztiei omenaldia egitea.
Iriberri berak adierazi digunez, “Euskal Etxearen historiako lehendakari guztiei egin nahi genien errekonozimendua. Plakak, ordea, festara bertaratu ahal izan zirenei eskuratu genizkien. Hala nola 1994-1998 epean lehendakaria izan zen Miguel Angel Vicenteri, Mirta H. Begueri (1998-2006), Jose Martin Azarlozari (2006-2012) eta Miguel Angel Valenciari (2012-2016)”.
Aipatzekoa da Javier Ederra FEVAko lehendakariak lagundu ziela mardelplatatarrei euren ospakizunean.
Argazki bilduma osoa, hemen.