euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platako EEak 'Eskorgako Euskalduna'ren urratsen atzetik doan Daniel Lopez argentinarrari harrera egin dio

2008/04/01

Daniel Lopez (hirugarrena ezkerretik), Jose Maria Azarloza Euskal Etxeko lehendakariarekin batera, Ana Maria Irigoyen, lehendakariordea, eta ibiltariaren lagunekin (argazkia Diario La Capital)
Daniel Lopez (hirugarrena ezkerretik), Jose Maria Azarloza Euskal Etxeko lehendakariarekin batera, Ana Maria Irigoyen, lehendakariordea, eta ibiltariaren lagunekin (argazkia Diario La Capital)

PUBLIZITATEA

Daniel Lopez Monje, Mar del Platako 52 urteko txapista, iragan urtarrilaren 29an Comandante Luis Piedra Buenatik (Patagonia) atera zen Buenos Aireserako bidean 'Eskorgako Euskalduna'-ren bideari jarraituz. Izan ere, 1934ko otsailean, Guillermo Larregui Ugarte nafarra Santa Cruzeko probintziatik eskorga edo karretila batekin atera zen Argentinako hiriburura oinez iristeko. Oraingo ibiltariari harrera egiteko Denak Bat Euskal Etxeko kideek harrera antolatu zioten iragan asteazkenean euskal egoitzan. Ondoren, bere bidaiaren azken tartea egitera abiatu zen berriz ere protagonista.
Santa Cruzeko probintziatik Buenos Airesera 2500 kilometroko aldea dago. Mar del Platan jaiotako Daniel Lopez Monje ibilbide horren azkeneko tartean dadil momentu honetan ikurrina eta Argentinako bandera duen eskorgarekin, eta 1934an Guillermo Larregui Ugarte 'Eskorgako Euskalduna' izengoitiaz ezagunagoa zen iruinsemeak egin zuen modu berean. Iragan asteartean, euskaldunaren jarraitzailea Crotos Libres elkarteko ibiltariekin topatu zen Mar del Platara iritsi baino 30 kilometro lehenago, Arroyo Chapadmalal eta Ruta 11 bidegurutzean. Bere sorterriraino lagundu zuten Daniel.

Merezitako atsedena hartu eta emaztea eta bi alabekin bildu ostean, Denak Bat Euskal Etxeko kideek harrera ekitaldia egin zioten Daniel Lopez Monjeri euskal egoitzan joan den asteazkeneko 20:00etan. Omenaldian Alfieri kazetariak (Canal TN Noticias) eta Diario La Capital hedabideak elkarrizketa egin zioten. Ez ziren izan, dena den, bertara hurbildu ziren komunikabide bakarrak. La Capital egunkariak bere edizio idatzian jasotzen duenez, 'Danielek bidaia hau egiteko arrazoia, Eskorgako Euskaldunaren historia jakin bezain laster harengatik sentitu zuen mirespena izan zen'. Euskal Etxeko arduradunek, euren aldetik, Guillermo Larregui Ugarteren pausoen atzetik argentinarrak bere buruari ezarritako erronkaren garrantzia azpimarratu dute. Daniel Lopez ez da berez euskal jatorrikoa.

Ibiltariari oso egun gutxi falta zaizkio bere bidaiako helmugara iristeko. Mar del Plata eta Buenos Aires banantzen dituzten 400 kilometroak hamabi egunetan betetzea espero du; ostiralean atera zen bere jaioterritik. Orain arteko bidean esperientzia eta anekdota ugari utzi ditu. 'Bazkaltzen eman eta kobratu nahi izan ez zion txiletarrarena edo bizikletan Argentinako hegoaldera bidaian ari zela Danielen erronka ulertzen ez zuen kataluniarraren istorioa' ez ditu erraz ahantziko Eskorgako Euskaldunaren jarraitaile honek.


Lotura interesgarriak

Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko webgunea
www.denakbat.org.ar

Mar del Platako EEko euskara eta euskal kultura bigarren lantegia
2007ko azaroaren 24an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia