Mar del Plata, Argentina. Tradizioari jarraiki duela 80 urtedanik urtero irailaren 29an egin ohi duen bezala, datorren asteburuan, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak Euskal Herriaren eta euskal etxe mardelplatatar beraren zaindari den Aralarko Mikel Deuna ospatuko du. Zinema, topa-egitea, musika zuzenean eta pilota txapelketa bat dira eguna ospatzeko antolatu dituzten jardueretako batzuk.
Duela 80 urtedanik irailaren 29ro egin duen bezalaxe, datorren irailaren 29an ere, eta hiruegunez, Denak Batek bere zaindari Mikel Deuna ohoratuko du hainbat ekitaldi antolatuz, eta Euskal Herriaren alde topa eginez
Irailaren 29, ostirala, Mikel Deunaren egunean bertan, 18:45ean, Euskal Etxeko Liburutegian, Iciar Bollainen “Maixabel” filma proiektatuko dute. Segidan, 20:30etatik aurrera, pintxoak eta edariak eskainiko dituzte bertako tabernan. Ekitaldi berean Juan Manuel Iriart, Martina Saa, Nerea Balzola Aguilera eta Aitor Hormaechea musikariek euskal musika herrikoia joko dute eta, topa egiteko orduan, lehendakariorde Miren Nerea Sarasuak hitz batzuk luzatuko dizkie bertaratutakoei.
Kirol arloan, “San Miguel de Aralar 2023” pilota-txapelketa lau kategoriatan jokatzen ari da azken asteotan, 70 pilotaritik gora partaide. Txapelketa ostiralean 29an amaituko da, eta larunbatean, irailaren 30ean, egingo duten sari-banatze afariarekin amaituko da ekitaldia.
Abesbatzen topaketa
Denak Bateko egoitzan irailaren 23an egindako Abesbatzen Topaketako partaideak
Bestalde, Immigrantearen Hilabeteko ospakizunen baitan, Denak Bat Euskal Etxeko areto nagusia Abesbatzen Topaketaren lekuko izan zen aurreko larunbatean, irailaren 23an, partaide izan zirela Centro Andaluz-eko abesbatza, Unión Regionale del Molise-koa, eta baita Círculo Giuliano, Círculo Calabrés eta Centro Gallegoko abesbatzak ere, Etxeko abesbatza batekin batera. Izan ere, Facundo Rodríguez irakaslearen eskutik, Kantu Koral Tailerraren estreinaldiko emanaldia izan zen horretan, 'Txoriak txori', 'Jeiki jeiki', 'Perfidia' eta 'Shosholoza' kantu afrikarra aurkeztu zituzten, azken hau zulu hizkuntzan.