euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platako Denak Bat 'Jaialdi 2024'ren anfitrioi izango da datorren astean, omenaldiak eta Sagardo Eguna barne

2024/02/09

Mar del Plata: Lehendakari ohiei omenaldia eta Jaialdi 2024, dantza eta musika festa, Sagardo Eguna barne
Mar del Plata: Lehendakari ohiei omenaldia eta Jaialdi 2024, dantza eta musika festa, Sagardo Eguna barne

PUBLIZITATEA

Mar del Plata, Argentina. Udaro, euskal dantza tradizionalen "Jaialdi" ikuskizuna antolatzen du Mar del Platako Denak Batek "Atlantikoko Perla" deitua den balneario hiri honetan, Argentinako euskal etxe askotako lagunen bilgarri. Festaren 2024ko edizioa berrikuntzez dator. Topaketa nagusia otsailaren 17an izango —datorren asteko larunbatean— Euskal Etxearen egoitzan. Baina bezperan, Euskal Etxeko lehendakari ohien galeria bat inauguratuko dute. Programako parte, Txapela sagardo euskal argentinarra eta "Sagardo Eguna".

Dantza ikuskizunaren bezperan, otsailaren 16an, "Gure Lehendakariak" izeneko argazki galería inauguratuko dute, 20etan. Hamabost lehendakari ohien irudiak, lehenengotik, Domingo Lerchundi (1943 - 1945), azkenaurrekoraino, Asier Iriberri Plazaola (2016 – 2022), alegia, egun lehendakari den Gustavo Elichiribehetyren aurreko guztiak bertan geratuko dira ikusgai Euskal Etxeko sarreran. Ekitaldira zenbait lehendakari ohi bilduko dira partaide, baita oraindik euren legatuarekin laguntzen gaituzten zendutako lehendakarien familiak ere, adierazi dio EuskalKultura.eus-i egungo lehendakari Gustavo Elichiribehetyk.

Musika, dantza, janaria eta... txotx!

Larunbatean, berriz, otsailaren 17an, 21:30etan hasiko da Jaialdia. Gauerdia baino minutu batzuk lehenago, Andoni Iriberri Plazaolak eta Nerea Balzola Aguilerak zuzendutako “Beti Alai” dantza taldearen emanaldia hasiko da, bertako Aitor Hormaechea, Juan Manuel Iriart eta Nerea Balzola Aguileraren zuzeneko musikarekin. Euskararen presentzia nabaria ere agindu dute eta, nola ez, eskaintza gastronomiko ona: pintxoak, txistorra, paella, hanburgesak, hainbat edari eta, oraingo honetan, Txapela sagardo naturala, "benetako euskal sagardoaren errezeta eta teknikaren arabera egindakoa, Patagoniako sagarrekin, gasifikatu gabe eta kontserbatzailerik gabe". Rosarioko Txapelaren ekoizle diren Xabier Agirrek eta Milena Aramburuk gonbitea luzatu dute 21:30etatik 22:30etara, sagardoa doan eta 'txotxean', zuzenean kupeletik edatera.

Sarrerak 1.000 pesotan eros daitezke otsailaren 16ko 21ak arte, Beti Alai taldeko dantzarien bidez edo Instagram bidez betialaimdp helbidean. Ekitaldiaren egunean bertan Euskal Etxeko (Moreno 3440) atean erosiz gero, 2.000 pesoko prezioa izango dute. Ingurumena zaintzeko konpromisoa hartuta, Denak Batek bat egin du plastikozko ontzi baztergarrien erabilera murriztearen alde. Karia horretara, jendea animatzen dute euren edalontzi euskal motibodun berrerabilgarriak eramatera edariak kargatzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia