euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak Dantzari Ohiaren Festan parte hartzera deitu du, ekainean 10-11an

2017/02/17

2017ko Jaialdian Beti Alai Dantza Taldeko kideak izan ziren protagonistak
2017ko Jaialdian Beti Alai Dantza Taldeko kideak izan ziren protagonistak

PUBLIZITATEA

Deialdia, bizitzako momenturen batean dantzariak izan diren guztiei dago zuzenduta eta gaur egun ere, agian dantzatzeko aukera gutxi izanda ere dantzari kontsideratzen segitzen direnei. Elkarretaratzea Mar del Platan izango da, ekainaren 10 eta 11an eta luzatzen den erronka, egoera berean daudenekin egun horretarako dantza bat prestatzea. Bestalde, urtarrileko azkeneko asteburuan gauzatu zuen 2017ko Jaialdiaren balantze baikorra egiten du Denak Batek.

Mar del Plata, Argentina. Aspaldiko tradizioa da Denak Baten Dantzari Ohien Festa ospatzea eta beti, “elkartzeko eta denok ditugun oroipen eta gomuta onak konpartitzeko helburuarekin”, adierazi dute Euskal Etxetik.

Aurten ekainean izango da topaketa eta antolatzaileek garaiz zabaldu dute gonbitea, asmo horretan diren euskal etxeek euren partaidetza denborarekin antolatu ahal izan dezaten. Konfirmazioak jasotzen joan ahala, otordu eta ostatuaren xehetasunez arduratzen hasiko dira Etxekoak. “Badakigu gure adinean, eta kasu batzuetan kilo estra batzuk soineratuta, ez garela beharbada erabat fin ibiliko; baina, ze arraio, gora egin behar dugu, ez kikildu eta aurrera egin koreografiaren bat prestatuz! Erronka luzatuta dago!”, animatzen dute Euskal Etxetik.

2017ko Jaialdia

Bestalde, eta Mar del Platako Denak Baték ere antolaturik, urtarrilaren 28an 2017ko bere Jaialdia izeneko euskal festa gauzatu zuen euskal etxe mardelplatatarrak herriko komunitateari begira. Programara Euskal Herriko kultura ezagutarazteko zenbait proposamen bildu zituzten antolatzaileek, tartean, musika eta dantza ikuskizunak, kultur erakusketak, eta nola ez, euskal sukaldaritza dastatzeko aukera.

Festa arrakastatsua gertatu zen oso, eta balantze bikaina egiteaz gain, esker beroak luzatzen dizkiete mardelplatatarrek Jaialdia errealitate bihur zedin lagundu zuten udaleko agintariei, FEVAri, eta aktibitateak prestatu zituzten instituzioko lan-taldeei.

Esker horiek emateaz gain, nabarmendu nahi izan digute Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeko Eduardo Olivettoren lana, bera arduratu baitzen paella prestatu eta zerbitzatzeaz, eta La Platako Euzko Etxea-ko Iñaki Aramayo Bilbaorena, festaren lokuzioa egiteagatik.

Jaialdiaren argazki bilduma, hemen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia