euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platako Denak Bat-ek 2018ko Aste Nazionalerako logo eta irudia diseinatzeko lehiaketa jarri du abian

2018/04/05

Denak Bat-eko lehendakaria den Asier Iriberrik Lehendakaritzara eraman zuen 2018ko Euskal Aste Nazionaleko gonbitea
Denak Bat-eko lehendakaria den Asier Iriberrik Lehendakaritzara eraman zuen 2018ko Euskal Aste Nazionaleko gonbitea

PUBLIZITATEA

Mar del Plata hiria izango da aurten Euskal Argentinar Aste Nazionalaren egoitza, urriaren 29tik azaroaren 4ra, eta euskal etxe anfitrioiak abian jarri du dagoeneko ekitaldiko logotipoa diseinatzeko lehiaketa. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 31rainokoa da eta saria esku dirua izango da. Denak Bat-eko lehendakari Asier Iriberrik, bestalde, Gasteizko Lehendakaritza bisitatu du martxoan, eta Aste Nazionalerako gonbitea luzatu dio Urkullu lehendakariari Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu medio.

Mar del Plata, Argentina. Denak Bat-eko lehendakari Asier Iriberrik berak eraman zuen martxoaren 16an Gasteizera, Eusko Jaurlaritzara, Euskal Aste Nazionalera bidaiatzeko Iñigo Urkullurentzako gonbitea. Iriberrik eta familiak Lehendakaritza bisitatu zuten eta Gorka Alvarez Aranburu eta bere ekipoarekin bildu ziren, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariari eskuz-esku emanez Urkulluri zuzendutako gonbidapena.

2018 Euskal Asteko logo lehiaketa

Euskal Etxetik jakinarazi duten legez, lehiaketa antolatu dute Denak Bat-en 75. Urteurrenaren baitan ospatuko den 2018ko Euskal Aste Nazionalaren logotipoa aukeratzeko. Diseinuak elkarrekin eta banan-banan erabili ahal izango diren irudia eta tipografia batuko ditu eta jaiaren promozio materialetan jarriko da, euskarri konkretu eta digitaletan.

Logoak oinarrizko bi elementu izan behar ditu: batetik, elementu figuratibo bat, Euskal Etxearen 75. urteurrena eta Euskal Astea abiapuntu hartuta; bestetik, “Semana Nacional Vasca 2018 - Mar del Plata” esaldia edukiko duen elementu tipografiko bat. Diseinuak, oro har, euskal kultura eta nortasuna iraunaraztearen baloreak islatu behar ditu. 

Arauen laburpena (araudi osoa ikusteko, klik hemen)

-Parte hartzaileak: Lehiaketa irekia da Argentinan bizi diren 18 urtetik gorako lagunentzat. Lanak banaka edo taldeka aurkez daitezke eta parte hartzaile bakoitzak (pertsonak edo taldeak) gehienez hiru diseinu bidali ahal izango ditu.
-Diseinuak: Lanak argitaratugabeak izan behar dira, eta ez dira onartuko publizitatetzat har daitezkeenak. Argazkirik ere ezin dute eduki. Irudia erabilera askokoa izango da eta hainbat euskarritara moldagarria. Koloreei dagokienez, bai kolorez bai zuri-beltzez inprimatuko direla izan behar da kontutan izan.

Lanak paperean eta formatu digitalean aurkeztuko dira. Paperezko bertsioaren neurria 9 x 6 cm-koa izango da euskarri gogor batean. Gehienez lau kolore erabili ahal izango dira (kuatrikromia) eta kolorezko eta zuri beltzezko bertsioak aurkeztu behar dira, biak A4 neurriko orrialde batean. Diseinuarekin batera irudia ulertzeko azalpenak bidali behar dira. Formatu digitala CD batean aurkeztuko da, honako formatoetako batean:  Photoshop *.psd (kapatan), 300 dpi; Adobe Illustrator edo CorelDraw, irudiak *.psd edo *.tiff-en, 300 dpi. Kolorezko eta zuri beltzezko bertsioak aurkeztu behar dira eta datu teknikoak eta erabilitako koloreen RGBa zehaztu.
-Aurkezteko epea: maiatzaren 31ean bukatuko da lanak bidaltzeko epea. Diseinuak, gainera, bi gutunazaletan bidaliko dira Euskal Etxera, Moreno kaleko 3440. zenbakira. Idazkaritza astelehenetik ostiralera dago irekita, 10etatik 12etara eta 17etatik 20etara. Larunbatetan 10etatik 12etara.
-Saria: Denak Bat-ek sortutako Balorazio Batzordeak aukeratuko du diseinu irabazleak eta 5.000 pesoko saria ekarriko dio diseinatzaileari, esku dirutan. Sari emanaldia Euskal Astearen baitan izango da. Irabazlearen izena ekainaren bigarren hamabostaldian plazaratuko da, gizarte sareetan.

Informazio gehiago jasotzeko edota antolatzaileekin kontaktatzeko denakbatmardelplata@gmail.com helbidera idatzi.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia