euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platako Dantzari Ohien Festan parte hartu nahi? Erreserbak egiteko epea, maiatzaren 31 arte

2013/05/13

Mar del Platako dantzariak, 2013ko Aberri Eguneko ospakizunean (argazkiaEE)
Mar del Platako dantzariak, 2013ko Aberri Eguneko ospakizunean (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Ekainaren 8 eta 9an burutuko da Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean Dantzari Ohien Festa. Erakundeko kideak erabat murgilduta daude jadanik topaketaren antolakuntzan eta hori dela eta azken xehetasunak jakinarazi dizkiete ‘abarkak berriro janzteko prest’ dauden guztiei. Talde bakoitzak dantza bat aurkeztu ahal izango du eta talde bat osatzera iristen ez diren dantzariak beste euskal etxe bateko kideekin elkartu ahal izango dira jaian bertan. Ekintza guztietan parte hartzeko voucher-aren prezioa 350 pesokoa da (larunbateko otorduak eta hotela barne) eta erreserbak egiteko epea maiatzaren 31an amaituko da.

Mar del Plata, Argentina. Ekainaren bigarren asteburuan egingo da aurten Mar del Platako Dantzari Ohien Festa. Ekitaldia Denak Bat Euskal Etxearen 70. urtemugaren programaren barruan dago eta Argentinako euskal etxe guztiei luzatu zaie gonbitea.

“Duela urte batzuk dantza egiteari utzi baina oraindik abarkak janzteko prest daudenei” dago zuzenduta proposamena. “Ziur aski gutako asko burusoil samar gaude eta lehen baino kilo pare bat lodiago… Baina hala ere dantza egiteko betiko gogoa dugu”, adierazten du antolatzaileek bidalitako deialdiak.

Dantzari Ohien Festa Denak Bat-eko egoitzan izango da eta voucherrak 350 peso balio ditu. Voucher honen barruan larunbateko gosaria, bazkaria (sarrera, plater nagusia, postrea eta edaria), erromeria (afaria: paella, ardo kopa eta izozkia), hoteleko ostatua eta igandeko gosaria daude ordainduta. Ostatua America hotelean izango da, Bolivar kaleko 2322. zenbakian.

Dantza bana

Jaiaren programari dagokionez, euskal etxetik proposatzen diete taldeei dantza bat baino ez aurkeztea. Izan ere, bat baino gehiago aurkeztekotan, antolatzaileekin adostu behar da. Beste alde batetik, euskal etxeren batean talde bat osatzera heltzen ez bada, arazorik ez dagoela jakinarazten dute Mar del Platatik: “Talderik ez duten dantzariak ere etor daitezke eta hemen beste euskal etxe batekoekin batu ahal izango dira”.

Antolatze lana errazteko, Denak Bat-etik eskatzen dute parte hartuko dutenen informazioa ahalik eta lasterren bidaltzea. Voucherrak erreserbatzeko azken eguna maiatzaren 31an izango da eta euskal etxearekin kontaktatzeko helbidea: denakbatmardelplata@gmail.com.

Aberri Eguna eta Bonbardaketaren Urtemuga

Euskal egutegiko bi efemeride garrantzitsu hauek Mar del Platan ere ospatu ziren apirilean. Aberri Eguneko ekintza igande 14an izan zen, hiriko katedralaren aurrean. Bertan egindako dantza erakustaldiaren ondoren, 150 bat lagun bildu ziren euskal etxean Aberri Eguneko jaia ospatzera.

Gernika 76 Mar del Platan 2013 01

[Gernikako Bonbardaketaren 76. urtemugako zeremonia Mar del Patan (argazkiaEE)]

Gernikako Bonbardaketaren urteurren egunean, ordea, San Martin Plazan elkartu ziren euskal erakundeko kideak, Bizkaiko herriaren ikurra den haritzaren oinarrian. Urtero bezala, hitz batzuk zuzendu zizkioten euskal etxeko agintariek publikoari Argentinako Bandera eta ikurrina lekuko.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia