Bi aste pasako ditu Euskal Herrian Mar del Platako hogeita sei dantzari eta musikariek osatutako taldeak eta hainbat euskal leku ezagutu eta bertako giroan murgiltzeaz gain, dantza ikuskizunetan ere hartuko du parte, euskal herritarrei Argentinako euskal dantzen irudia erakutsiz. Emanaldiak Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin izango dira, iritsi eta biharamunean bertan hasita.
Mar del Plata, Argentina. “Duela urte eta erdi sortu zen taldean Euskal Herrira joateko asmoa, printzipioz ezagutzeko helburuarekin eta denbora berean, ahal bazen, dantzatzeko lekuren batean”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Ignacio Oreja dantza taldeko zuzendariak. “Denbora pasatzen joan ahala, asmo hori gauzatzen joan da eta datorren ostiralean, uztailaren 24an, hogeita sei lagun abiatuko gara, eta bost dantzalditan aurkeztuko ditugu gure dantzetako batzuk” adierazi digu zuzendari mardelplatatarrak.
Iritsi bezain lasterhasiko dira emanaldiekin; biharamunean, izan ere ostiralean euskalerriratu eta larunbatean bertan, uztailaren 25ean, Getxoko Paella Lehiaketan dantzatuko baitute. Horren ostean, uztailaren 31an, San Inazio Egunean, Zubietan dantzatuko dute; abuztuaren 5ean, Gorlizen; eta abuztuaren 8 eta 9an, Hendaian. Lo egiteko baseei dagokienez, berriz, uztailaren 25etik abuztuaren 6ra Amoroton hartuko dute ostatu, eta abuztuaren 7tik Hendaian, berriz argentinaratu arte.
“Amets hau bete ahal izateko pertsona ugarik lagundu digute; egia esateko, hasieran ez geneukan batere argi zer edo nola egin behar genuen, baina iazko La Platako Euskal Astean ezagutu genituen Koldo, Gorka eta Arkaitz lagunei esker gauzak erraztu egin zaizkigu”, jakinarazi digu Orejak. “Hendaiara joatera, adibidez, Akelarre taldeko zuzendariak gonbidatu gaitu eta berari ere luzatu nahi dizkiogu esker bero bereziak, baita bidaia gauzatzen lagundu diguten gainerako guztiei ere ”, adierazi du dantzariak.