Mar del Plata, Argentina. Hilabete baizik ez da geratzen Buenos Aires probintzia hegoaldeko Mar del Plata kostaldeko herrian 2018ko Euskal Argentinar Aste Nazionala hasteko, eta karia horretara, ekitaldiko antolatzaile den bertako Denak Bat Euskal Etxeko ordezkaritza batek --elkarteko Asier Iriberri lehendakaria buru eta Maria Luz Vicente lehendakariordea eta Patxi Valencia batzordekidea partaide-- bisita egin dio Udaletxean Carlos Fernando Arroyo hiriko 'intendente' edo alkateari.
Gogoratu behar da herrialdeko euskal etxeen biltzaile den FEVA federazioarentzat eta oro har euskal jatorriko argentinarrentzat urteko elkarretaratzerik esanguratsuena den Euskal Aste Nazionala, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak 75 urte betetzen dituen urtean antolatzen ari dela bertan.
Testuinguru horretan bertaratuko da ekitaldira, Argentinara egingo duen bere lehenengo bidaia ofizialean, Iñigo Urkullu lehendakaria. Mar del Platako Arroyo alkateak baieztatu dio bere bulegoan hartu duen euskal ordezkaritzari Euskal Asteko ekitaldietan parte aktiboa hartuko duela eta, izan ere, hiriko Astor Piazzolla aireportura joango dela Urkullu errezibitzera.
2018ko Euskal Argentinar Aste Nazionala astelehenetik igandera bitartean, urriaren 29tik azaroaren 4ra, garatuko da Mar del Platan, aurreko astean ere ekitaldi batzuk egitarautu badira ere.
Ikus programa hemen.