euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Izatez Harro EEak 'Nabarmenduak' saria jaso du 2010ean komunitatearen alde egindako lan eraginkorragatik

2011/03/09

'Izatez Harro' euskal etxearen izenean, Fernando Mandagaran-ek 'Nabarmenduak' saria jaso du herriko Hezkuntza-zuzendaria den Clara Jordi-ren eskutik
'Izatez Harro' euskal etxearen izenean, Fernando Mandagaran-ek 'Nabarmenduak' saria jaso du herriko Hezkuntza-zuzendaria den Clara Jordi-ren eskutik

PUBLIZITATEA

Otsaileko azken astean eta martxoko lehenengoan ospatzen da 'Moxalaren Jaia' Coronel Vidal herrian, Buenos Aires probintziako Mar Chiquita partiduan. Tradizio handiko festa honek eskualde osoko bizilagunak biltzen ditu urtero Argentinako bertako ohiturez eta folkloreaz goza ditzaten. Festaren testuinguruan, urtero, 'Nabarmenduak' saria ematen zaio aurreko urtean zehar kultura eta kirolaren arloetan gailendu direnei. Mar Chiquitako euskaldunak lan handia ari dira egiten jaio berria den euren euskal etxe barne eta kanpoan. Haiek sortutako mutualitatearen bidez herritar askok jaso dute iaz lan-trebakuntza eta kari horretara elkarteak 'Nabarmenduak' saria jaso zuen martxoaren 2an, 33. Moxalaren Jaian.

Coronel Vidal, Argentina. Kokatua dagoen komunitatearekiko engaiamendu handia du Mar Chiquitako 'Izatez Harro' Euskal Etxeak. Izan ere, eskualdean ez dauden hainbat zerbitzu eskuratzeko helburu aurrerakoiarekin mutualitate izaera hartua du euskal etxeak eta bide horri jarraituz, gazteei zuzendutako formakuntza-zerbitzua eta komunitate osoari begirako hornitegi bat jarri ditu dagoeneko abian.

Euskal etxeko sustatzaile eta kideen ahalegina, ez da oharkabean geratu. Joan den martxoaren 2an eta 'Moxalaren Jaia'n, 'Izatez Harro'-ko lehendakaria den Fernando Mandagaran-ek, euskal etxearen izenean, 'Nabarmenduak' saria jaso zuen Udaleko ordezkari Fernando Córdoba y Armando Echevarria-ren eskutik. “Honelako une bat eskerrak emateko garaia da”, azaldu zuen Mandagaran-ek, “eta esker beroak eman nahi dizkiegu Irma Bazan formakuntza-zerbitzuko zuzendariari, Cordobako Villa Mariako CIEP elkarteari, 'Arbolito' Kooperatibari, Eskola Kontseiluari eta jakina, gure irakasle eta ikasle guztiei, guregan ipinitako konfiantzagatik”.

Hornitegiaren inaugurazioa

Martxoaren hasiera ospatzeko beste arrazoi bat izan dute Mar Chiquitako euskaldunek: Duela hilabete batzuk prestatzen ari ziren hornitegiak bere ateak zabaldu dizkio herriari. Adin guztientzako jendearentzako arropa dago dendan, "oso prezio onean eta kuotetan erosteko aukera ematen zaie erakundeko kideei". "Nornahi izan daiteke mutualitateko kide  eta hala izateko 10 pesoko kuota besterik ez da ordaindu behar”, jakinarazten dute 'Izatez Harro' Euskal Etxetik.

Mar Chiquitako Izatez Harro-ko hornitegia 2011 01

['Izatez Harro' erakundeko hornitegia]

Hornitegia Mariani kaleko 680 zenbakian dago eta sarreran Argentinako bandera eta ikurrina daude: “Irudi horrek oso ondo islatzen du gure nortasuna. Mar Chiquitako herritarren alde lan egiten duen euskaldunen ondorengo talde bat gara”, azaltzen dute euskal etxeko kideek.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia