euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Manifestazio batera deitu dute Bilbon Sortu legeztatzeko; Cesar Arrondok irakurri zuen mezua erdaraz

2011/02/15

Argentinako euskal diasporako kide den Cesar Arrondok protagonismoa hartu zuen joan den asteburuan, otsailaren 19an Bilbon Sorturen legeztapenaren alde egingo den manifestazioa aurkezterakoan (argazkia Europa Press)
Argentinako euskal diasporako kide den Cesar Arrondok protagonismoa hartu zuen joan den asteburuan, otsailaren 19an Bilbon Sorturen legeztapenaren alde egingo den manifestazioa aurkezterakoan (argazkia Europa Press)

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian, joan den astetik aurrera egunkari eta komunikabideetan lekurik gehien hartzen ari den berria Sortu alderdiaren aurkezpenaren ingurukoa da, izen berri honekin plazaratu baita 'Alderdien Legea' delakoa medio azken urteotan legez kanpo egon den ezker abertzalea, oraingoan alderdiaren estatutuetan indarkeria guztiak, ETArena barne, arbuiatzen dituela. Maiatzean foru eta udal hauteskundeak izango direlarik Hego Euskal Herrian (Iparraldean ere bozak dira, baina Batasuna legepekoa da) gizartea eta mundu politikoa aztoratuta dabil Espainiako gobernuak eta justiziak hartuko duten jarreraren aurrean. Legeztapenaren alde, manifestazio baterako deia zabaldu da datorren larunbaterako Bilbon. Jendaurrean aurkezterakoan, Diasporako euskaldun batek, Cesar Arrondo argentinarrak, irakurri zuen deia gaztelaniaz.

Bilbo, Bizkaia. Sortu alderdi berriaren aurkezpenak markatu zuen joan den astean egun bizi dugun euskal panorama politikoa. Hego Euskal Herrian gaur egun legez kanpo ezarria den ezker abertzalearen izen eta adierazpen berria da Sortu. Batasuna eta EAE-ANV izan dira azken urteotan sentsibilitate politiko horren markak, legez kanpo ezarriak Espainiako Parlamentuak onartu zuen 'Alderdien Legea' bezala ezagutua den legearen aginduz. Izan ere espainiar legegileek baldintza estuak ipini dituzte indarkeria bide politiko gisa arbuiatzen ez duten alderdi edo taldeen kontra. Lege hori ongi irakurrita eta bertan esaten dena zorrotz betez idatzi zituen bere estatutuak Sortu alderdi berriak. Legeztatua izateko eskabidea Maiatzeko foru eta udal hauteskundeen aurretik aurkeztu da (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako udalak berrituko dira eta baita ere lehenengo hiruetako Batzar Nagusiak eta Nafarroako Parlamentua).

Sortuk, bere estatutuei so eginez antza Alderdien Legea betetzen badu ere, lege horrek badu alderdi bat legez kanpo ezartzeko irizpideen eta betebeharren artean egun legez kanpo ezarria den alderdi baten ondorengo ez izatea. Alderdi Sozialistak eta PPko ahots batzuk horri eusten diote legeztatua izan ez dadin eskatzeko, esanez Batasuna eta ETAren ondorengo dela. Euskal Herrian, alderdi abertzaleek argi aldarrikatzen dute legeztapena, beste batzuk Sortuk ETArekin hautsi duela eta haren ekinbidea gaitzesten duela segurtatzeko 'froga estrak' eskatzen dituzten bitartean. Presarik ez lukete Madrilen Sortu legeztatzeko, eta izan ere PP Sortu hauteskunde hauetan bederen ez egotearen alde azaldu da, eta horixe eskatu dio Zapateroren gobernuari. Honek, oraingoz, gai hori epaileek erabaki beharko dutela erantzun du.

Sorturen legeztapenaren alde, alderdi eta talde desberdinetako jende multzo batek manifestazio baterako deia egin dute datorren larunbaterako Bilbon, 'Bakerantz legalizazioa' lelopean, bakearen bidean urrats berri eta garrantzitsua dela legeztapena aldarrikatuz, 'ETAren indarkeriaren amaierara' garamatzalakoan. Gehienbat sentsibilitate abertzalekoa den jende multzo honek babesa eskaini nahi dio ezker abertzaleak Euskalduna Jauregian egin zuen adierazpenari, ETAren indarkeri ekinbiderik aldenduz.

Manifestazio horretarako jendaurreko deia eginez, eta testua bere gaztelaniazko bertsioa irakurriz, protagonismo berezia hartu zuen joan den asteburuan Cesar Arrondo euskal diaspora argentinarreko kideak. Aste batzuetarako dago Euskal Herrian Arrondo, petsona ezaguna oso Argentinako euskal munduetan, bereziki euskal gaiei buruz hitzaldiak emanez Argentina osoa ibili duelako euskal etxerik etxe. Historialaria eta La Platako Unibertsitate Nazionaleko irakaslea da Arrondo. Zenbait liburu eta makina bat artikulu eman ditu argitara. Hainbat euskal-argentinar erakunde eta elkarteko sortzaile edo kide da, tartean 'Arturo Campion' Euskal Kultura eta Abertzaletasuna Aztertzeko Zentrukoa, Lapridako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxea, Argentinako EAko idazkari nagusia da, Argentina eta Uruguaiko Nazio Eztabaidaguneko kide sortzailea, eta beste hamaika elkarterena, baita ere, esaterako, Argentinako Realzaleak peñarena. Argentinar gisa Historialari Radikalen Forokoa da eta Union Civica Radical alderdiko kide aktibo eta sustatzailea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia