euskal diaspora eta kultura
2014/04/04
PUBLIZITATEA
Olavarria, Argentina. 1982ko Malvina Irletako Gerrako Beterano eta Hildakoak ekarri ziren gogora joan den asteazkenean Argentinan zehar egindako ekitaldietan. Olavarriako Udalak bat egin zuen herrialde osoko urteurren ospakizunekin eta ekintza berezi bat burutu zuen Malvinen hiriko Monumentuan. Goiz euritsuan burututako ekimenean, herriko agintariak, tartean Jose Eseverri alkatea, eta gizataldeak bildu ziren. Euskaldunak ikurrina eskuan agertu ziren plazan, dantzariz jantzita.
Berri honekin batera, mugimendu handiko urtea izango dela aurtengoa Gure Etxe Maitea euskal etxearentzat, adierazi dio bertako lehendakari Maria Susana Mendizabal-ek EuskalKultura.com-i. Marisuk dioenez, aktibitate anitz ari dira gauzatzen, batez ere umeak erakartzeko helburuarekin. Proposamenen artean aipatu behar da larunbatetan arratsaldeko 3etatik 6etara irakurketa, arte eta dantza tailerrak eskaintzen direla erakundearen instalazioetan. Tailerrak bukatzean, askaria zerbitzatzen zaie txikiei. Halaber, Sukaldaritza Tailer bat ere ari da ematen Gure Etxe Maitea. Mendizabalek baliatzen du aukera adierazteko “Sukaldaritza Tailerra Azulgo Euskal Etxeko Jose Maria Iceta-ri esker antolatu ahal izan dugu(la) eta agiri ofizialak emango dizkiegu(la) ikasleei”.
Aberri Eguneko jaia izango da bihar elkartearen eta elkartearen hurrengo jarduna, menu honekin: izokin moussa, haragi saltsa biarnesa patatekin eta tartak. Topa egiteko, sagardoa eskainiko da. “Ekintza hauetan bildutako diruarekin gure etxea berritu eta hornitzen dugu. Adibide gisa, duela gutxi 70 aulki erosi ditugu egoitzako aretoan jartzeko”, azaldu digu instituzioko lehendakari Susana Mendizabalek. Biharko afaria 9:30etan hasiko da eta sarrerak 150 peso balio ditu. 10 urte arteko umeek ez dute ordaindu beharko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus