euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mallorcako Euskal Etxearen Aberri Eguneko herri kirol saioa eta Egaña eta Txoperena bertsolariak Palmako Glosa Fest-en

2025/04/16

Herri kirol erakustaldia Mallorcako Euskal Etxearen 2025eko Aberri Eguna ospagai: aizkora, harri jasotzea eta trontzalariak
Herri kirol erakustaldia Mallorcako Euskal Etxearen 2025eko Aberri Eguna ospagai: aizkora, harri jasotzea eta trontzalariak

PUBLIZITATEA

Palma Mallorcakoa. Euskal kultur adierazpide tradizionalez gozatu nahi izan duten Mallorcako euskaldunek aukera ederra izan dute apirileko lehenengo hamabostaldi honetan, batetik Ondarroatik etorrita, Agirre Herri Kirol Taldeak erakustaldia eskaini baitzuen Son Rapinyako frontoian Artea Euskal Etxea antolatzaile; eta bestetik, joan den igandean Andoni Egaña eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek emanaldia taularatu baitzuten Palmako Auditoriumean, Glosa Fest munduko inprobisatzaile eta repentisten jaialdian.

Son Rapinya frontoian euskal herri kirol saioa eskaini zuen Euskal Etxeak Aberri Eguna ospagai. Palmako Auditoriumean Andoni Egaña eta Maddi Ane Txoperena aritu ziren, 'Glosa Fest' repentisten jaialdian, Jagoba Arrasate ere 'bertsolari' lanetan eta Euskal Etxeko kideak lagun

Hileko lehenengo asteburuan, San Rapinya frontoiak herri kirol erakustaldia baitaratu zuen, Artea Euskal Etxeak Aberri Eguna ospagai antolatuta. Horretarako Ondarroako Agirre Herri Kirol Taldeak uhartera, Felanitx herrira, Acampallengua jaialdian parte hartzera etorri behar zuela baliatu zuten. Esan dezagun, jaialdi hau aisialdia katalan kultura eta hizkuntzarekin uztartzen dituen proposamen bat dela, aurten, gainera, Jagoba Arrasate, Mallorca Futbol Taldeko entrenatzailea den euskalduna iragarle izan duena, euskaraz eta katalanez, Instagrameko bideo honetan ikus daitekeenez. Frontoian, herri kirol erakustaldi eta tailerra eskaini zitzaien bildutakoei.


Harrijasotzaileak, trontzalariak... beti ere EEko txalapartarien soinu-banda lagun

Euskal kirolariek honako herri kirol modalitateak aurkeztu zituzten: harri jasotzea (100 kiloko harriekin, zilindrikoa, kubikoa eta bola), trontza, aizkora, lasto botatzea, lokotx bilketa eta ingude altxatzea. Erakustaldian zehar, modalitate bakoitzeko teknikak azaltzen joan ziren eta ondoren publikoa gonbidatu zuten saiatzera. Jende asko animatu zen tresnak ukitu eta probatzera, aizkorara salbu zuhurtasun arrazoi nabariengatik. Probak egiteko harriek "50 kilo baino" ez zuten pisatzen.

Muturreko sokatira

Kirol saioko parte, eta tailer eta partaidetza izaeraren ildotik, beste ekintza berezi bat ere antolatu zuten antolatzaileek: mallorcarren eta Diasporako euskaldunen arteko sokatira norgehiakoa. “Parte hartzaileen indarra eta gogoa hain handiak ziren, gogor ahalegintze eta tiratze horretan soka tupustean eten egin zela”, azaldu diote EuskalKultura.eus-i Euskal Etxetik. Zorionez sustoa handia izan bazen ere, ez zuen gehiagora jo eta jaia, ondotik, berandu arte luzatu zen txalapartaren erritmoak eta txistorrada ederra lagun.


Soka eten zen momentua

Bertsolariak Palmako Glosa Fest-en


Maddi Ane Txoperena eta Andoni Egaña Euskal Etxeko lagunekin

Festaren hirugarren edizioan Balear Uharteetako, Kubako eta Kanarietako repentistekin batera jardun zuten Andoni Egaña eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek. Baina eurenak ez ziren izan bertan euskaraz botatako bertso bakarrak. Izan ere, Jagoba Arrasate Mallorca Futbol Klubeko entrenatzailea ere gonbidatu zuten oholtzara igotzera eta bertso batzuk botatzea eskatu, eta hala egin zuen, publikoa liluratuz. Ikuskizuna bukatu zenean, Euskal Etxeko lagunek elkartearen lepoko zapia oparitu zieten bertsolariei (ikus laukian).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia