euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mallorcako Euskal Etxeak hitzaldiak eman ditu eskoletan euskara eta euskal kultura aurkeztuz, Txoria txori kantatuz

2020/11/03

Mallorcako Euskal Etxea prestatzen ari den hurrengo ekitaldi publikoa ENE eta Nafarroaren Egunekoa da, azaroaren 29an
Mallorcako Euskal Etxea prestatzen ari den hurrengo ekitaldi publikoa ENE eta Nafarroaren Egunekoa da, azaroaren 29an

PUBLIZITATEA

Mallorca, Espainia. Hala heldu zaizkion eskabideei erantzunez, Mallorcako Artea Euskal Etxeak hitzaldiak eskaini ditu Palmako eskoletan Euskal Herria, euskaldunak eta euskal kultura aurkeztuz. Ikasle gehienentzat lehenengo kontaktu hurbila izan da euskal errealitatearekin, baita Mallorcako Euskal Etxeak ongi islatzen duen euskal diasporaren errealitatearekin ere. Hitzaldiak EEko kide den Aingeru Merlok gauzatu ditu, oinarrizko hainbat kontzeptu azalduz. Ikasle gehienek lehenengoz entzun dute euskara eta guztiei gustatu zaie saioa Artze/Laboaren Txoria Txori kantuarekin bukatzea, hitzak euskaraz eta katalanez.

"Liburuetan ikas dezaketenaz haratago, asmoa lehen eskuko ezagutza gertua zen, askok urruna eta aldi berean hurbilekoa soma dezaketen gure errealitatearekiko, izan ere euren errealitate katalan hiztuna abiapuntu", azaldu dio Aingeru Merlok EuskalKultura.eus-i. "Esaldi batzuk euskaraz nola esan esaten diet, nola aurketu eta agurtu, zenbakiak, familia... baita gure tradizioetako batzuk ere... edo ekilorea bezalako sinboloak".


Mallorcako Euskal Etxearen saioetako bat eskoletan

"Bostgarren eta seigarren mailako ikasleak dira, hamaika-hamabi urtekoak, eta argi dago euskarak harritu egiten dituela, esaterako generorik ez izateak, ingelesak bezala, baina katalanak eta gaztelaniak ez bezala... esaldiak nola eraikitzen ditugun... mitologia... Eta oso gogoko dute Txoria Txori eta kantuak errespetua eta askatasuna oinarri duen maitasunaz egiten duen aldarrikapena", laburbiltzen du Merlok.

Ikasleek zein irakasleek ikaragarri onartu dute esperientzia eta prest agertu dira errepikatzeko.

Euskalñ Etxea pandemia garaian

Pandemiak erabat baldintzapetuta bizi dugun egoeran, Mallorcako Artea Euskal Etxeak ahalegina egin du "manten zitekeen guztia mantentzen", "zorrotz errespetatuz beti ere osasun arloko agintarien jarraipideak". Aurrera egin dute, beraz, "euskara eskola presentzial eta birtualak, eta mintza praktika saio berri bat sortu dugu astean behin. Aurrera darraite baita ere Txalaparta saioak, aire zabalean larunbatero, euriak uten duenean behintzat. Dantza eta musika eta korua bertan behera utzi behar izan ditugu oraingoz, eta gauza bera, adibidez, pintxo-potearekin".

"Azaro amaieran kontzertu ekitaldi bat programatu dugu elkarrekin ospatzeko Nafarroko Eguna eta ENE Euskatraren Nazioarteko Eguna, 29an, igandea. Ez dakigu azkenean gauzatu ahal izango dugun, baina oraingoz mantentzen dugu. Gauza bera urte amaieran egin ohi dugun elkartearen Urteko Batzarreari buruz eta Olentzero bazkariaz. Adi segituko dugu egoeraren garapena eta ateratzen diren agindu eta arauek diotena, aldakorrak baitira", laburbildu du Artea Euskal Etxeko eledunak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia