euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mallorcako Euskal Etxea indartsu: barnetegiari jarraiki, musika eta kultura jaialdia dator orain

2014/05/30

Datorren asteburuan egingo den Asteburu Kulturalaren kartela
Datorren asteburuan egingo den Asteburu Kulturalaren kartela

PUBLIZITATEA

Gogotsu dabiltza Mallorcako Euskal Etxeko kideak, eta lanpetuta ere, azken asteotan ekitaldi ugari ari baitira egiten eta prestatzen. Esaterako, iragan maiatzaren 24 eta 25ean Barnetegia egin zuten Palman eta uharteko euskaltzaleei hainbat jarduera euskal giroan egiteko eta bizitzeko aukera eman zieten. Orain, batetik atera eta hurrengoan sartzear dira: ekainaren 6tik 8ra Asteburu Kulturala egingo dute eta besteak beste honako taldeak ekarriko dituzte irlara: Dangiliske, Urko, Gorka eta Natxo Knorr, Monkey Doh eta Talamh. Kontzertuak doan izango dira.

Palma, Espainia. Egitarau zabala prestatu du Mallorcako Euskal Etxeak ekainaren 6tik 8ra egingo duen Cap Cultural edo Asteburu Kulturalerako. "Gure euskal etxeko ekitaldi eta jaiak animatzen dituzte musikariei eta lagunei eskerrak emateko zerbait antolatu nahi genuen eta Euskal Herriko musikariak hona ekartzea pentsatu genuen, eurekin jo eta musika lantegiak egiteko aukera izan zezaten", azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko euskara irakasle Manoli Kortak.

Baina, gogoa eta bibrazio onak daudenean, gauzak bere kabuz sortzen joaten dira, eta kasu honetan ere, apurka apurka gero eta musikari gehiagok agertu zuten ekitaldira biltzeko gogoa. Horrela osatu da jaialdiko kontzertuaren kartela, larunbateko ekitaldi nagusia: Dangiliske, Urko, Gorka eta Natxo Knorr, Monkey Doh eta Talamh taldeak ariko dira, arratsaldeko zazpietatik aurrera Parc de les Estacions gunean. "Kontzertuak doan izango dira eta bertatik igarotzen den jendea ere jaira bilduko dela espero dugu", agertu du Manolik. Musikaz gain euskal etxeak stand bat jarriko du eta janaria eta edariak salduko, ekitaldientzako dirua biltzeko.

Ostiralean eta larunbat goizean, Dangiliske taldeak lantegiak egindo ditu: trikitixa, dultzaina, txalaparta, dantza eta euskal abestiak. Igande goizean erakustaldia egingo da Euskal Etxean eta asteburuan zehar ikastaroetan ibili diren ikasleek bertan ikasitakoa erakusteko aukera izango dute. 

Barnetegia, arrakastatsu

bestalde, euskal etxea pozik agertu da maiatzaren 24 eta 25ean Palman egin zen Barnetagiaren harrerarekin. Bi talde aritu ziren bertan: batetik, euskara ikastaroetako ikasleak eta bestetik euskal kulturan interesa zuten Mallorcako lagunak. Asteburuan zehar euskara pixka bat ikasi, gastronomia eta dantza lantegiak egiteko aukera izan zuten. "Oso, oso gustura aritu ziren denak, eta Mallorcakoek pena izan zuten kurtso amaieran egin genuelako, askok euskara ikasten jarraitzeko gogoa agertu zuten eta", amaitu du Manolik. Ea gogo horrek datorren kurtso hasiera arte irauten duen eta ikastaroetan izena ematen duten, bada!

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia