euskal diaspora eta kultura
2011/03/07
PUBLIZITATEA
Palma, Mallorca. Artea Euskal Etxeak mugimendu handiko egunak izan ditu azken asteetan, urtero bezala, Illes Balears-eko jaiak direla eta. Aurten, gainera, euskaldunen parte hartzea era berri eta goxo-goxoan gauzatu da: euskal gastronomia ezagutaraziz eta jaki dastaketak eginez irlako Erdi Aroko Merkatuan. Aurreko urteetan erregio-etxeekin batera egiten zuten topaketa eta iaz, krisia dela eta, ezin izan zuten egin. "Aurten Udalak Erdi Aroko Merkatuan 'parada' (stand) bat jartzea eskaini zigun, eta guk baietz esan genuen noski", azaltzen du Itsaso Esnal presidentak.
Euskal 'parada'-k arrakasta itzela izan omen zuen, eta Esnalen hitzetan, "jendez lepo egon zen". Euskal produktuak eta pintxoak eskaini zituzten bertan: Arabar Errioxako ardoa; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txakolina; sagardoa eta jendeak oso gustura jan zituen lau pintxo: txistorra, Idiazabal gazta, txatka maionesarekin eta piperrak. "Pintxo oso sinpleak ziren, ez genuen antolakuntza zaildu nahi izan, baina sekulako arrakasta izan zuten", baieztatzen du Esnalek.
[Aina Calvo, Palmako alkatea, euskal etxearen standean (argazkia MallorcaEE)]
Elkartea oso pozik agertu da jaietan izan duen parte hartzearekin. "Oso ona da jendeak euskaldunok ezagutzea eta nolakoak garen ikustea. Irla honetan jendea itxia da eta Euskal Herriaren gaiari buruz ezjakintasun handia dago. Guk geurea ezagutarazi nahi dugu, baina beti ere integratuta irlaren barruan", azpimarratzen du. "Txarto iruditzen zaigu hona etorri eta hemengoa ez errespetatzea. Guri horixe egin izan digute, eta guk ez dugu horrelakorik inon egin nahi".
Kultur harremanak sustatuz
Filosofia hori nagusi da elkartearen jarduera guztietan, presidenteak azaltzen duenez: "Kultur Aste bi egiten ditugu urtean, bata neguan eta bestea udan, eta bietan kultur trukeak sustatzen saiatzen gara. Bertsolariak ekarri genituenean, adibidez, 'pica'-k edo saioak egin zituzten hemengo glosadors-ekin, eta txistulariek xeremia edo hemengo txistuaren antzeko musika tresna tradizionala jotzen dutenekin bildu genituen".
[Euskal Etxeko lagun eta kideak herri bazkarian (argazkia MallorcaEE)]
Euskal Etxearen ohiko jarduerei dagokienez, Esnalek azpimarratzen ditu katalan eta euskara klaseak ("euskaltegia daukagu!", dio), korua, haurren jaiak eta mus partidak. Elkarteak futbol taldea izan zuen eta euskal dantza ikastaroa ere egiten zuten lehen. "Aukera hau baliatu nahi dut dantza irakasle bat eskatzeko! Elkarteko kide guztiak biltzen zituen jarduera zen, txikiengandik hasi eta aitite eta amamenganaino", bukatzen du.
-Mallorcako Artea Euskal Etxearen webgunea, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus