euskal diaspora eta kultura
2012/10/31
PUBLIZITATEA
Palma, Espainia. Mallorcako Artea euskal elkarteak egoitza aldatu behar izan du berriki, Es Coll D'en Rabassako lokalaren alokairua garestiegia zelako. Bi hilabetez leku berri baten bila ibili ostean, auzo berean gelditu da, Francesc Frontera kaleko 15. zenbakian zehazki. Hemendik aurrera, elkartea osatzen duten 60 bat familiek bertan izango dute topagunea.
Une honetan lokala egokitzen jarraitzen dute elkarteko kideek, eta hori dela eta iaz eskaintzen zituzten zenbait ikastaroren hasiera atzeratu egin da. Momentuz euskara ikastaroa bakarrik da abian, baina egoitza prest dagoenean eskaintza handitu egingo dela azaldu dute elkarteko iturriek. Besteak beste trikitixa, txalaparta, abesbatza eta dantza ikastaroak egin ahalko dira Mallorcako elkartean aurki. Horrez gain urtean zehar taillerrak egingo dira, adibidez iaz oso arrakastatsua izan zen sukaldaritza lantegia.
[Mallorcako Euskal Etxearen egoitza berria, Francesc Frontera kaleko 15. zenbakian (argazkia MallorcaEE)]
Euskara indartsu
Beste ekimenak abiatu bitartean, euskara eskolak hasiak dira jada Mallorcan. Manoli Korta ordiziarra izan da azken zortzi urtetan elkarteko euskara irakaslea; aurten, bi ikasle talde ditu bere ardurapean: bat lehenengo mailakoa (11 ikasle) eta erdi mailakoa bestea (8 ikasle).
"Euskara ikastera etortzen direnak motibazio handiarekin datoz. Batzuk Euskal Herritik hona bizitzera etorritakoak dira, han ikasten hasi zirenak eta ikasten jarraitu nahi dutenak; beste batzuk hara joango direnak eta hizkuntza ezagutu nahi dutenak, eta badira hango bikotea edo gurasoak dituztenak eta jakinmina dutenak euskararekiko...", azaldu dio Kortak EuskalKultura.com-i.
Esperientziarekin oso pozik agertu da ordiziarra, nahiz eta elkarteko irakasle bakarra izatea gogorra egiten zaion batzuetan. "Hemengo irakasle bakarra naiz eta alde horretatik urriko Pariseko irakasleen topaketa [HABEko Euskara Munduan programak antolatua] oso ongi etorri zitzaidan, metodologia aldetik ikasteaz gain, beste irakasleekin esperientziak partekatzeko aukera izan genuelako, elkar ezagutzeko... Oso aberasgarria izan zen", esan du Kortak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus