euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mallorcako Artea Euskal Etxeak abuztuko oporrak hasi ditu, hasi ere irailetik abendu arteko kronograma aurreratuz

2023/08/11

Europako euskal etxeetako irakasleek bilera egingo dute Palman urriaren 18tik 21era . Irudian, euskara irakasle europarren aurreko bilera bat, Valentzian.
Europako euskal etxeetako irakasleek bilera egingo dute Palman urriaren 18tik 21era . Irudian, euskara irakasle europarren aurreko bilera bat, Valentzian.

PUBLIZITATEA

Palma Mallorcakoa. Egun hauetan hasi du Mallorcako Artea Euskal Etxeak abuztuko urteroko pausaldia eta, hasi ere, irailean ikasturte berria abiatzen duenean urte naturala bukatu arte prestatu duen ekitaldi programa iragarriz egin du. Ohi bezala, abuztua hasi orduko ikasturte zaharra amaituta eta ez du hilabete osoan ohiko jardunik gauzatuko, irailean indar eraberrituz ekitearren 2023-2024 sasoi berriari. Hona gaurko datuekin 2023ko abendura arte aurreikusi dituzten ekitaldiak:

Irailaren 8an Arteak bat egingo du munduko beste hainbat euskal etxerekin eta Euskal Diasporaren Eguna ospatuko du. Hitzordua Son Rapinya-ko frontoian egingo du, pilota erakustaldi bat baitaraturik, besteak beste Bengoetxea VIren partaidetzarekin. Kantaldi batek jarraituko dio, Iñaki Lizaso abeslariarekin, eta eguna Mallorcako kokak eta euskal txakolina dastatuko diren mokadu-jatearekin bukatuko du. Irailaren 26an bilera deitu dute euskara ikasturtea antolatu eta taldeak osatzeko eta 28an ikasturte berriari emango zaio hasiera.

Europako euskara irakasleen bilera

Urriaren 18tik 21era Palmako Artea Euskal Etxea, "oso gustu handiz", Europako euskara irakasleen urteko bileragune bilakatuko da. Bilera hau euskal etxe diferentetan egin ohi da urtero. Urriaren 27an, Palmako Lluna liburudendak abegia emango dio Joseba Gotzon Varela kantariaren "Los gudaris del balón. Selección Euzkadi 1937-1939" (Baloiaren gidariak. Euzkadiko Selekzioa 1937-1939) liburuaren aurkezpenari. Eta egun berean, Artearen txango irteeren antolatzaile den Àngels Ferragut-ek "Rutes de la Guerra Civil i la repressió a Mallorca" (Gerra Zibileko bideak eta errepresioa Mallorcan) aukeztuko du.

Azaroan, Castillo Suarez poeta eta idazle altsasuarraren azken liburua, 'Alaska', aurkeztuko dute, data oraino finkatzeke. Abenduaren 2an, hiruaren partez, Nafarroaren Eguna eta Euskararen Eguna ospatuko dituzte. Horretarako propio etorriko dira  Nafarroatik Maite Itoiz arpista eta kantaria, eta John Kelly gitarra-jotzaile eta kantaria. Irailaren 17an, Euskal Etxeak Urteko Batzarrea egingo du. Segidan, elkarteak bere bazkideen eta euren familien bazkaria egingo du eta Olentzero bertatik pasatuko da, komunitateko txikienen gozagarri.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia