Udaldia eta gero, Mallorcako Artea Euskal Etxea prest dago urriarekin batera 2017-18 ikasturteko bere kultur proposamen guztiei abiatzeko seinalea emateko eta euren berri heda dezagun zuzendu zaio EuskalKultura.com-i, izan ere aste honetan egingo baititu klase eta eskolak prestatzeko lehenengo bilerak. Euskara ikasiko dutenek ostegunean egingo dute hain zuzen lehenengo bilera bat, Xabier Egurrola dutelarik irakasle.
Palma de Mallorca. Euskara eskolei dagokienez, urtero bezala urriko lehenengo astean hasiko dira, baina interesatuta daudenei deia egiten zaie datorren ostegunean, irailaren 28an, Can Alcoverrera (OCBren egoitza) hurbil daitezen, arratsaldeko zazpietan egingo den bilerara. Bertan, ordutegi eta taldeak zehaztuko dira eta ikasleek kurtso berriaren nondik norakoak ezagutu ahal izango dituzte.
Euskara ikasi edo hobetu nahi duten interesatuek erraztasun gehiago izan ditzaten, aurten ere urrutiko ikastaroa eta mintzamena praktikatzeko aukera ere eskainiko dituztela eman dute aditzera Artea Euskal Etxetik.
Arteak eskaintzen dituen gainerako proposamenen kasuan, datorren astearekin batera egingo dira lehenengo elkarretaratzeak, segidako koadro honetan datozen argitasunen arabera. Informazio gehiago eskuratzeko deitu mesedez (+34) 644 861 382 edo 655 792 136 zenbakietara edo bidali emaila honako helbidera: info@euskaletxeakmallorca.com.