euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maizpide barnetegian ikasten ari dira munduko euskara irakurlegoetako 16 lagun, Etxepare Institutuak lagunduta

2011/07/13

Lehen txanda honetako ikasleak Maizpide Barnetegiko irakasle Marian Bidegainekin eta Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenagarekin (argazkia Etxepare)
Lehen txanda honetako ikasleak Maizpide Barnetegiko irakasle Marian Bidegainekin eta Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenagarekin (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Maizpide barnetegian, urtero gertatzen den bezala, munduko zenbait herrialdetako ikasleak ari dira biltzen, euskara ikastaro trinkoa egiteko asmoz. Etxepare Institutuak lagunduta, Maizpidetik pasako dira nazioarteko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakurlegoak egiten ari diren 16 ikasle. Lehendabiziko txanda uztailaren 4an hasi eta datorren larunbatean bukatuko da. Hiru ikasle ari dira bertan parte hartzen. Bigarren txanda hilaren 18tik 29ra izango da eta 13 lagun etorriko dira. Guk bertan direnekin hitz egin dugu esperientziari buruz.

Lazkao, Gipuzkoa. Etxepare Euskal Institutuak munduko 31 unibertsitatetan euskara eta euskal kultura programak sustatzen ditu eta aurten, ikastaro horietan parte hartzen duten ikasleei euskara ikasketetan sakontzeko aukera eman die, Maizpide Barnetegian antolatu dituen bi egonaldiei esker. Uztailaren 4ean heldu ziren Lazkaora lehen txandako hiru ikasleak:  Ana Pérez (Madril), Aleksandra Karzewska (Varsovia) eta Alicja Zasadowska (Poznan).

Ana 7. Urratsa ikasten ari da eta euskara garbian kontatzen digu lehen aldiz entzun zuenean euskara oso ederra iruditu zitzaiola eta ikastea erabaki zuela. Madrilgo Hizkuntz Eskolan ibili zen, eta orain Euskal Etxean eta Complutense Unibertsitatean ari da ikasten, Karlos Cid Abasolo irakaslearekin. "Madrilen jendeari arraroa egiten zaio, ingelesa edo alemaniera ikasteko esaten didate", dio. Berarentzat, ordea, "hizkuntza hain desberdina izatea da politena".

Ikastaroa oso gogorra dela dio --"zortzi ordu klasean egunero"-- baina "primeran!" omen dabil eta berarengatik balitz, hilabete osoa geldituko ei litzateke. Maizpideko ikaskideen artean Anak 16 urteko mutil pakistandar baten kasua azpimarratzen du: "familia orain lau urte Azpeitiara etorri zen bizitzera eta D ereduan matrikulatu zuten. Apenas daki gaztelaniarik, bere ikaskideak eta bizilagunak normalean euskaraz egiten dutelako".

Harribitxi izkutua

Aleksandra Karzewska poloniarra, aldiz, lehen urratsa ari da ikasten eta gazteleraz hitz egin du EuskalKultura.com-ekin. Aurten egin du Varsovian euskara irakurlegoaren lehen ikasturtea, Aitor Arruza irakaslearekin, eta Euskal Herriaz maiteminduta dagoela dio. Iaz entzun zuen lehen aldiz euskara, kostako Donejakue Bidea egiten ari zela. "Maitemindu egin nintzen, benetan", aitortzen du. "Kultura oso interesgarria iruditzen zait, batez ere ohiturak nola gordetzen diren, Espainiakoen hain desberdin".

Aleksandra oso pozik ari da barnetegian: "Varsoviako astean bi orduko klasea eta hau ez dira gauza bera, noski. Hau erabateko immertsioa eta ikasten jarraitzeko sekulako gogoa eman dit". Datorren urtean elkarrizketa euskaraz, orduan? "Zalantzarik ez izan", dio Filologia ikasle gazteak. Aleksandrak egitasmo honen garrantzia azpimarratzen du: "Euskara, kanpoan ezagutzen ez dugun harribitxia da eta garrantzitsua da kanpokoek ezagutzea, gero munduan zehar zabaltzen laguntzeko".

Bigarren txanda

Datorren astelehenean helduko dira bigarren txandako 13 ikasleak. Hauek uztailaren 29a arte izango dira Euskal Herrian. Etxepare Institutuak hona etortzeko bidaia eta barnetegiko klaseak ordaintzeko diru-laguntzak eman dizkie.

Hauek dira aurten barnetegian parte hartuko duten lagunak:

1.- Rodrigo Esparza Parga (ITESM- Mexiko)
2.- Aleksandra Karzewska (Varsovia) 
3.- Alicja Zasadowska (Poznan)
4.- Nina Schumacher (Freie-Berlin)
5.-Iva Klizova (Txekia)
6.- Andrés Marcelo Aranda López (UNAM- Mexiko)
7.- Anna Klimova (Frankfurt)
8.- Laura Viayna Graells (Bartzelona)
9.- Holly Jane Pike (Birmingham)
10.- Ana María Pérez Cabanes (Madril)
11.-Natalia Evseeva (Mosku)
12.- Gabriele Costa (Berlin)
13.- Karina Mischenkova (Mosku)
14.- Jaroslaw Kavas (Varsovia)
15.- Maite Saavedra (Mexiko)
16.- Nile Ordorika (Mexiko)

-Berri gehiago Etxepare Institutuaren webgunean, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia