euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maixan Merkapide, Haize Berri kultur etxeko arduraduna: «Ez da aski indar egiten euskal kultura zaintzeko»

2007/05/28

Maixan Merkapide (argazkia iTelebista.com)
Maixan Merkapide (argazkia iTelebista.com)

PUBLIZITATEA

Alarma gorria piztu du Izurako (Nafarroa Beherea) Haize Berri kultur etxeak, laster 30 urte beteko baditu ere, arazo ekonomiko eta politikoengatik bere geroa ez du segurtatua. 'Ni ez naiz frantses kulturaren kontra. Anitz kontsumitzen dut, ez da hori. Ikusten duguna da Euskal Herrian oraino frantses kulturaren hedatzeko dela ematen dirua, ahantziz hemengo kultura bat badela', dio bertako arduradun Maixan Merkapidek. 'Ulertu behar da euskal kulturaren bizia dela jokoan' aitortu dio Nora Arbelbide kazetariari, Berriak duela egun gutxi argitara eman eta guk hona ekarri dugun elkarrizketan.
Maixan Merkapide duela hiru urte hasi zen bertan lanean. Hastapenean bi langile ziren, orain bakarrik da. Bizkitartean, Baxenabarreko kultur eskaintza berrantolatu da. Berrikitan, lekuko, Herri Antzokia sortu dute instituzioen babesarekin. Horrek beregain hartu du Baxenabarreko eskaintza kulturala. Haize Berriri egituran integratzea proposatu zioten, eta ez sartzea erabaki du.

-Alarma gorria piztu duzue elkartea arriskuan delako, zein da egoera zehatza?

-Egoera ekonomikoa zaila da. Bi urte hauetan 20.000 euroko zorrak egin ditugu. Arazoa da proiektu berrientzat Kontseilu Nagusiak hitz eman diru laguntzak ez dizkigula eman. Horietan sartzen da Pasaiarekin muntatu Oihanetik Itsasora proiektua. Laguntza ahoz hitz emana zigun, baina azkenean ez dute bozkatu. Aparte, halere, urtero ematen digun 4.500 euroko laguntza bat ukan dugu.

-Nola justifikatu dute hitzemana ez eman izana?

-Lehen urtean arrazoirik ez digute eman. Bigarren urtean, bilkuretan erran digutenez, euskara hutsean den liburua ezin dutela lagundu, frantsesez ere argitaratu behar dela. Ez zela bozkatua izan, eta berriz laguntza bide bat aurten aurkeztuko zutela. Ibilarazten gaituzte, hautu politikoak eginak dira, beste egitura bati laguntza nagusiak emanez. Laguntza publikoak ez direla eskuratzen ahal ikusita, beste bide batzuen ikertzen ari gara. Horretan sartzen da Artekintza proiektu artistikoa. 15 artistak obrak sortuko dituzte urte osoan. Obrak Haize Berriri eskainiko dizkiote eta zozketa batean irabazten ahalko dira. Horri esker, azken urteetan ezin izan genuena egin lortu dugu, hau da, artisten sorkuntza bultzatzea.

-Beste batzuk ere lagundu zaituzte, ez?

-Nafarroaren Egunaren bidez 5.000 euro jaso dugu, Iholdiko Herri Elkargotik 3.000 euro, pribatu batek 1.500 euro. Baina oraino 10.000 euro gelditzen da. Gero, erran beharra da egoera ekonomiko horren ondoan inguramen kulturalaren aldaketak ere sortzen dituela zailtasunak. Eskaintza handitu da. Herri Antzokiak ahal handiak ditu, gainera. 500.000 euroko aurrekontua du, Haize Berrik 60.000 eurokoa. Sortu desoreka handi horrek Haize Berriren helburu nagusia lanjerrean jartzen du. Haize Berri sortu zen Iholdi eta Amikuzeko kantonamenduetan kultura eskaintza bat kudeatzeko eta garatzeko, euskal kultura lehentasunetan sartuz. Herri Antzokiak ez du lehentasun hori bere helburuetan.

-Herri Antzokiaren egituran sartzeko aukera ukan zenuten, justuki, zergatik ez duzue onartu?

-Euskal kulturarentzat arriskutsua iruditu zaiolako elkarteari. Haize Berriren nortasuna erabiliko zuen zilegitasun bat lortzeko, euskara ez lukeelarik lehentasunetan. Herri Antzokia sortu aitzin, Akitaniak bultzatu garapen planaren baitan abiatu gogoetan erran ziguten: «Euskal Herriko Hitzarmen Bereziaren bidez proiektatu 'Herri antzokia' egitura bada eta orain ikusi behar da nola antolatzen den kultura horren inguruan». Ez zigutela beste aukerarik ematen, nola sartzen ahal ginen ikertu dugu hasieran.

Funtzionamendua antolatzeko bilkuretan agertu da euskal kulturari buruzko funtsezko ezadostasun bat. Guk proposatu dugu egitura horrek lehentasun gisan hartzea euskal kulturaren eta euskarazko kulturaren garapena. Zertarako? Erran beharra da Nafarroa Behereak ahal ekonomiko publiko gutxi dituela eta publiko kopurua ere tipia dela. Aldi berean, euskal kultura bat sor daitekeen eremu bakarrenetako bat da oraino. Baina kulturaren hedatzeko tresnetan, telebista, zinema edo beste, euskal kulturak arras leku txikia du. Horiek horrela, guretzat Herri Antzokiak desorekak txikitu beharko lituzke, diskriminazio positiboa egin.

Euskal kulturak eta bereziki euskarazko kulturak lehentasun nagusia izan dezan proposatu dugu. Hori gaizki hartu dute. Ezinezkoa dela. Euskal kulturan ez dela aski kalitatezko eskaintzarik horretarako. Publikoki egitura hori euskal kulturaren alde agertzen bada ere, horiek erranak izan dira. Eta beste gauza batzuk ere bai. Artean, Max Brissonek Amikuzeko Herri Elkargoaren bilkuran erranak. Nafarroa Beherean laster jende berri bat etorriko dela bizitzera eta beraz, eskaintza kulturalak behar duela jende berri horri egokitu. Jende berri hori segur ez dela euskalduna izanen. Horrek erakusten du egitura hori zertarako egina den. Nafarroa Beherean sarrarazteko hemen ekoiztua ez den arte bat. Nagusiki frantsesezkoa. Gure kezka hortik heldu da.

-Haize Berrik zergatik segitu behar du bizirik? Zein da zuen proiektua?

-Orain arteko sail nagusiak, arte garaikidea eta marrazkiak dira. Horiek zaintzeaz gain, idazketaren inguruko lan bat abiatu dugu, euskarazko kulturaren sorgune bilakatu nahian. Euskaraz bizitzeko eta euskaraz kultura bat sortzeko guneak desagertzen ari direla sentitzen dugu.

-Euskal kultura pil-pilean den gaia da garai hauetan, eztabaida anitz sortzen dira, zer da euskal kultura, nola lagundu...

-Izan baitira adibide batzuk euskal kultura frantsesez ekoiztu dutenak edo euskal kulturaren proiektu batzuk, indar franko ematen euskaldun ez den publikoari buruz euskal kultura ezagutarazteko, baina denbora berean frantsesez eginez. Euskal kulturaren desbideratze bat sentitzen dugu. Euskara kulturatik desagerraraztekotan da. Frantsesez egiten den kultura euskal kultura da? Galderak badira, eta horri buruz gogoetatzen ari gara. Lehen baino uzkurrago ibili behar dugu. Euskal kultura biziarazteko egiazko gune batzuk zaindu behar ditugu jendartean ez baita naturalki bizitzen iragan hamarkadetan bezala.

-Aldi berean egitura instituzionalek egonkortze bat ere berma dezakete nonbait, ez? Elkarteak akitzen dira...

-Ados izanen ginen euskal kultura egituraren lehentasunetan sartua balitz, baina ez da hala. Gainera, instituzionalizatze horrek kultura botere publikoetatik biziki hurbil ibilarazteko arriskua sortzen du.

-Adibidez?

-Kontseilu Nagusiaren kultur politikan sartzen den Les saisons de la culture egitarau artistikoa. Berak hautatzen ditu hedapenerako lagunduko dituen taldeak. Egitarau horretan sartzen den talde bat Izurara ekartzen badugu, laguntza bat badugu, bestela ez. Elkartea ez da gehiago bere proiektuentzat lagundua, edo laguntza hori arras oinarrizkoa gelditzen da, eta beste laguntzak departamenduak egin hautuen araberakoak dira. Herri Antzokiak departamendutik 70.000 euro eskuratzen ditu, Haize Berrik 4.500. Praktikan laster ikusten dira gauzak. Arazoa da gaur egun ez dela aski indar egiten euskal kultura zaintzeko. Guretzat argi da badela nahikeria politiko bat beste kulturak Nafarroa Beherean sartzeko.

-Beste kulturak sarraraztea, berez, ez da baitezpada txarra, ez?

-Ni abiatzen naiz printzipio batetik, hemen Euskal Herrian garela eta ez garela ez Landetan ez eta Txinan. Hemen da euskara eta euskal kulturaren eremu naturala. Jadanik mehatxatua da, eta horrelako egitura batzuek oraino lasterrago hilaraziko dute. Horrela erranik diskurtso sektarioa dela badirudi, baina ulertu behar da euskal kulturaren bizia dela jokoan. Ni ez naiz frantses kulturaren kontra. Anitz kontsumitzen dut, ez da hori. Ikusten duguna da Euskal Herrian oraino frantses kulturaren hedatzeko dela ematen dirua, ahantziz hemengo kultura bat badela. Herri Antzokia ere hedatzeko da nagusiki, eta, hain segur, Frantziako artistentzat hedapen gune bat gehiago izanen da.

(2007-05-23an Berria-n argitara emana)


Lotura interesgarriak

Haize Berri-ren fitxa eta harremanpideak EKEren webgunean
www.eke.org orrialdean

Bideoa: Haize Berri diru beharretan
www.itelebista.com, Iparraldeko telebista


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia