Iraganetik zuzenean heldu zaizkigun gerraren testigantzak dira "Maitia nun zira?" dokumentalak jaso dituen grabazioak. Lehen Mundu Gerran Alemanian preso hartu zituzten euskal soldaduei grabazioak egin zizkieten eta bertan haiek familiari mezuak eta gutunak irakurri zituzten. Grabazio horiek Berlingo Etnografia Museoaren bitartez atera ziren argitara, eta orain Mondragon Unibertsitateko bi ikaslek dokumental bat egin dute horiekin.
Donostia-San Sebastián. "Maitia nun zira ?", 1914-1918 gerlako euskal presoen grabaketetan oinarritu dokumentala aurkeztu dute Euskal Kultur Erakundeak eta Mondragon Unibertsitateak. Dokumentalaren egileak unibertsitate honetako Ikus-entzun komunikazioko Elena Canas eta Ainara Menoyo ikasleak dira. Audio grabazioen historia eta testuingurua transmititu nahian, "Maitia nun zira?" izeneko bideo-dokumentala sortu dute.
Grabazioak 1915-1918 artean egin zituen Prusiako Komisio fonografikoak, urte horietan Alemaniako preso-esparruetan zeuden presoak grabatuz. Horien artean, baziren zenbait euskal preso ere, eta horiek euskal kantu eta testigantza oso bereziak utzi zituzte. 2014an, Berlingo Etnologia Museoaren eta Humbold Unibertsitatearen bitartez, soinu hauen kopia numerikoa jaso zuen Euskal Kultur Erakundeak.
Dokumentala sarean ikus daiteke, Vimeo atarian. Bertan jatorrizko grabazioak jasotzen dira, eta horrez gain, Euskal Herriko hainbat kultur eragilek euskaldun haien esperientziari buruzko gogoeta egiten dute. Partehartzaileak, zazpi probintzietakoak, honakoak dira: Odei Barroso, Xabi Etcheverry, Bea Salaberry eta Katixa Dolhare, Edurne Garmendia, Iñaki Perurena, Eneko Sagardoy, Aritz Labrador, Reyes Prados, Eneko Bidegain, Karmele Jaio, Daniel Landart, Aitor Arregi, Javier Martinez. Halaber, Maider Bedaxagar, Maite Deliart, Mikel Urdangarin eta Kepa Junkera.
Maitia nun zira ? from Euskal kultura - Culture basque on Vimeo.
Gehiago jakiteko, jo Euskal Kultur Erakundearen webgunera: Alemaniako 1914-1918 gerlako euskal presoen grabaketen aurkezpen orria