euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maitena Etcheverry argentinarra eta Beatriz Elguezabal venezuelarra saritu ditu EuskalKultura.com-ek

2013/05/21

La Platako (Argentina) Maitena Etcheverry izan zen EuskalKultura.com-ek zozketatu zuen argazki kameraren irabazlea. Bidali digun irudian, Maitena, berak bere buruari kamerarekin ispilu aurrean ateratako erretratua.
La Platako (Argentina) Maitena Etcheverry izan zen EuskalKultura.com-ek zozketatu zuen argazki kameraren irabazlea. Bidali digun irudian, Maitena, berak bere buruari kamerarekin ispilu aurrean ateratako erretratua.

PUBLIZITATEA

Egiari zor, ez dugu egiten EuskalKultura.com-ek antolatzen dituen zozketetako irabazleen segimendurik. Saria euren etxeetara helarazi eta hor geratzen gara. Oraingo artikulu honetan, zozketa horietako bi irabazle ekarri ditugu aipagai: argazki kamera dotorea bereganatu zuen Maitena Etcheverry, La Plata Argentinakoa; eta asteburua Euskadiko landetxe batean bereganatu zuen Beatriz de Elguezabal, Caracas Venezuelakoa dira eurak.

Donostia-San Sebastián. Argentinako La Platako Maitena Etcheverryk irabazi zuen pasa den otsailean zozketatu genuen argazki kamera. Zozketako partaide bakoitzak Euskal Herriarekin edo euskal kulturarekin zerikusia zuten argazkiak bidali behar zizkigun, bost gehienez. Maitenaren argazkian, txistulari eta danbolindari hirukotea ageri da La Platako Moreno plazan, katedralaren parean, eta argazki horri esker lortu zuen Maitenak Canon argazki kamera digitala.

Oparia bidali genionean, bere buruaren argazkia egin zezala kamera berria eskutan eskatu genion eta, bere ama Maria Fernanda Astigarragaren bitartekaritza medio lortu dugu orain argazki hori guregana iristea. Izan ere, artikulu hau edertzen duen goiko argazki hori da.

Bestalde, oroituko duzuenez, urteko bigarren zozketa potoloko sariduna Caracaseko Beatriz de Elguezabal venezuelarra izan zen. Izena emanez jasotako mezu guztien artean egin genuen zozketa eta berak eskuratu zuen bi gaueko egonaldia aukeratutako Euskal Herriko nekazalturismo edo landetxean

Euskal Herrian familia bisitatzen (Bizkaian, Gipuzkoan zein Nafarroan) izana den arren, Bizkaia ondo ezagutzea gustatuko litzaiokeela aitortu digu Beatrizek, “nire aitaren familia guztia bizkaitarra baitzen”. Aita bilbotarra eta ama lizartarra ditu Beatrizek. “Amaren ahizpa baten senarra Lizarrako alkatea izan zen eta Gerra Zibilean odol hotzean erail zuten”.  Gurasoak Frantzian ezagutu zuten elkar, gerratik ihesi, eta ondoren Caracasera joan ziren, eta bertan jaio ziren bera eta bere hiru neba-arrebak.

"Familian guztia euskaldu sentitzen gara, naiz eta Venezuelako bigarren eta hirugarren belaunaldikoak izan". Beatrizek esan digunez, udazkenean etortzea gustatuko litzaioke, lagun edo lehengusu batekin, “baina guztia Venezuelako egoera politikoaren arabera beharko du izan”.



Komentarioak

  • Ramuntxori arrapostu

    Egunon Ramuntxo (hemen eguna goibel zabaldu da, baina gogo handiz ekin diogu halarik ere),

    Zure galderari erantzunez, ez dakigu Iparraldeko zein herrietarik abiatu ziren Argentinara gure arbasoak. Hau da dakigun guztia, hemengo paperetarik hartua: Cipriano Etcheverry, 1856an sortua, eta Marianna Choury-rekin esposatua (biak ziren 'frantsesak'). Cipriano, Baptiste Etcheverry eta Celestina Daguez-en semea zen (hor ere 'biak frantsesak' markatzen du). Eta besterik ez dakigu.

    Deus emendatzerik bazenu, biziki eskertuko genizuke, zernahi atzina egiteko edo gure bilaketa gidatzeko, urrats berriak eman ahal izateko zer egin, hor blokatuak baikara. Mila esker handi bat. Maitenaren ama naiz. Nire senarra aspaldi ari da informazio gehiagoren xerka, eta zinez eskertuko dizugu edozein laguntza. Deus baduzu guretako, idatzi hona: mfastigarraga@yahoo.com.ar. Eta berriz ere milesker.

    La Platako Etcheverry-tarrak, 2013/05/22 16:32

  • aupa neskak

    zorionak neskak, ongi aprobetsatu eta zabaldu munduan zehar zein den zuen euskal diaspora.. Ramuntxo, uste dut ez dela nere familiakoa.... edo biziki hurrun... :)

    benoit etcheverry, 2013/05/21 12:35

  • Maitena Etcheverry-ren familia Iparraldekoa da?

    Zorionak Maitena eta Beatriz!!Ongi baliatu zuen opariak! Pentsatzen dut Maitena Etcheverry-ren familia Iparraldekoa dela .Zein herritakoa da?

    Ramuntxo Kanblong, 2013/05/21 11:20

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia