Juan Martin Guevara (ezkerrean), Ché-ren anaia, Gebaratarren gaztelua bisitatzen, Araban, "Origen" saioa grabatzen (irudia ETB)
Ziurrenik nazioartean interes gehien piztu duen ETBren saioa da 'Origen', eta estrenatu aurretik gainera! Genealogia eta Diaspora batzen dituen saioak Euskal Herrira ekartzen ditu emigratutako euskaldunen ondorengoak, euren sustraien bila. Normala denez, berria ziztu bizian zabaldu zen euskal etxeetan eta ehundaka bolondres aurkeztu ziren euren betiko ametsa bete nahian. Irailean estrenatuko diren ataletan besteak beste Che Guevararen anaia, Andeetako hegazkin istripuan izan zen Eduardo Strauss Urioste edo Guillermo Amutxastegi zesta jokalari mitikoaren loba ikusiko ditugula aurreratu digu Maite Ibañez produktoreak.
Bilbao, Bizkaia. "Origen" saioko ekoizle Maite Ibañezek azaldu duenez, saio hau prestatzen ari zirenean "parte hartu nahi zuen jendearen mezu andana" jaso zuten eta horien artean aukeratzea oso zaila izan da. Garai desberdinetako emigrazioak eta esperientzia deigarriak edo esanguratsuak aukeratu dituzte, eta, hala ere, asko dira kanpoan gelditu diren lekukotza interesgarriak.
Dagoeneko grabatu diren atalak oso interesagarriak izango direla dio Ibañezek. Horietako bat da, esaterako, Mariana D'Orazio argentinarra. Marianaren birramonak Ameriketara emigratu behar izan zuen, seme-alabak Euskal Herria utzita (Marianari buruz gehiago, hemen). "Umeak utzi behar dituen ama baten sufrimendua oso gogorra iruditu zitzaigun, eta istorio hori azaldu nahi izan dugu", esan du Maitek.
Beste protagonista bat Juan Martín Guevara da Che mitikoaren anaia. "Nortasun kontzeptua aztertu nahi dugu, euskal kultura nola transmititzen den. Eta Che-ren famialiaren kasuan ezer gutxi zekiten Euskal Herriari buruz. Juan Martínek bakarrik gogoratzen du izeba batek beti esaten ziela ideia bakarra zutela eta gainera laukia, euskaldunen eta irlandarren ondorengoak zirelako", aazaldu du Ibañezek. Grabazioan Guevarak arbaso euskaldun asko zituela topatuko du.
Partehartzaileetako beste bat Uruguaitik dator: Eduardo Strauch Urioste, Andeetan izan zen uno hegazkin istripu mitikotik bizirik irten zen gazteetako bat; Pilar García de Gurtubay (bere atalaren graketa eta Gurtubaitarrak, hemen); Txomin Amutxastegi mexikarra, Guillermo Amutxastegi zestapunta jokalari historikoaren iloba; eta Germán Martitegi sukaldari argentinarra, oso ezaguna herrialde honetan egiten dituen telebista saioengatik.
Saioa irailean estrenatuko da eta Maite Ibañezen esanetan, harrera ona baldin badu, bigarren sasoi bat grabatzen hasiko dira. Horretarako lekukotza gehiago bildu eta ikertu beharko dituzte, eta Euskal Herrira etorriko diren Diasporako euskaldunak aukeratu. Kasu horretan, gainera, ekoiztetxeak herrialde aukera zabaldu egingo luke, baita gaztelaniaz hitz egiten ez duten herrialdetara, esaterako AEBetara.
"Origen" Euskal Herritik kanpo ere ikusi ahalko da, Canal Vascoren bidez edo streaming-en EItb-ren webgunean. Bien bitartean, saioarekin harremanetan jarri nahi dutenek sare sozialetan deute aukera, esaterako @OrigenETB Twitter kontuan.