Datorren asteartean Erroman izango da Maite Gurrutxaga marrazkilaria, bere lana ezagutzera emateko erromatarren artean. Asociazione Culturale Euskara euskal etxeak gonbidatuta, "Habiak" liburua aurkeztuko du Giuffa liburudendan. Horrez gain, Libe Edizioni argitaletxeak aurki italieraz edizio digitalean aterako duen "Alderik alde" lana ere erakutsiko du.
Amezketa, Gipuzkoa. Italia aldean izango da datorren astean Maite Gurrutxaga marrazkilari amezketarra eta bere lanari buruz hitz egiteko aukera izango du Erroman antolatutako topaketa batean. "ACEk, Associazione Culturale Euskarak gonbidatu nau bertara, eta oso aukera ederra irudituta onartu dut gonbidapena", esan dio Gurrutxagak EuskalKultura.com-i.
Topaketa, maiatzaren 24an, asteartea, izango da, Giuffa liburudendan. Bertan, liburudendan eskuragarri egongo den "Habiak" komikia aurkeztuko du. Baina horrez gain aurki Libe Edizioni argitaletxeak plazaratuko duen beste komiki bat ere izango dute hizpide, "Alderik alde" izenekoa. Euskal Etxeak sustatzen duen argitaletxea da Libe, euskal lanak italierara itzultzeko. Gurrutxagak Cecilia Campironi ilustratzailea izango du alboan, lan hauei eta euren jardunari buruz gogoeta egiteko.
"Jatorrikoan, euskaraz, Txalaparta argitaletxeak argitaratu du "Habiak" liburua; komikiak Dejabu Panpin Laborategiaren "Gizona ez da txoria" antzezlanaren gidoia du oinarri", azaldu du marrazkilariak. "Bestalde, "Alderik alde" liburua, 2011 eta 2012 urteetan marrazkiz betetako bozeto liburuetatik sortutako lana da. Edo! argitaletxeak plazaratu zuen 2012an".
Maite Gurrutxagari buruz informazio gehiago, marrazkilariaren blogean.
Erromako euskal jarduerei buruzko informazioa, www.euskara.it webgunean.