Comodoro Rivadavia, Argentina. Osatu berria den Zuzendaritza Batzordea 2021eko ekintaldi programa ari da ahitzen eta karia horretara bazkide eta lagunak gonbidatu nahi ditu urte amaierako afarira, larunbat honetan bertan, abenduak 11n, Euskal Etxean. Eta ospatzeko arrazoi bat baino gehiago ditu Comodoro Rivadaviako Euskal Echea elkarteak. Izan ere, murrizketa eta itxialdi luze baten ostean aurrez aurreko ekitaldi batzuetan parte hartzeko moduan egon da azken asteotan.
Hiriko Gizatalde Atzerritarren Elkartea antolatzaile, Euskal Etxeko neska-mutilek ‘Gala arratsaldea’ izeneko dantzaldian dantzatu zuten azaroaren 28an. Adinaren arabera antolaturik, txikiek Makil Dantza taularatu zuten; ertainek Arku Dantza eta helduek, esan nahi baita Haize Dantzariak taldekoek, hiru arin arin. Galako euskal dantzen txandari amaiera emateko kalejira osatu zuten eta ikuskizuna bukatzeko, ‘chacarera’ bat dantzatu zuten gainerako gizataldeetako dantzariekin batera.
Euskal etxe patagoniarreko lagunek Zuzendaritza Batzordea berritu eta partaideen izenak adierazi dituzte, bestalde. Orain arteko lehendakari Hector Baztan-ek Maite Baztan-i eta bere taldekideei pasatu die lekukoa. “Hainbat erronka izango ditu talde berriak agintaldi berrian, datozen bi urteetan; garrantzitsuena, zalantzarik gabe, 2023an ospatuko dugun Euskal Etxearen mendeurrenaren antolakuntza”, azaldu dute comodorotarrek.
Hona batzorde berria:
-Lehendakaria: Maite Baztan
-Lehendakariordea: Santiago Baztan
-Diruzaina: Johana Endrinal
-Diruzainordea: Fernández Graciela
-Idazkaria: Emilio Moure
-Idazkariordea: Norman Baztan
-Batzordekide titularrak: Ignacio Baztan, Eneka Cordoba Servera, Eduardo Vergel
-Batzordekide ordezkoak: Wanda Bazan, Muriel Galli, Iñaki Montoya
-Kontu ikuskatzaileak: Héctor Baztan, Sandra Arruabarrena, Nilda Huiche
-Kontu ikuskatzaile ordezkoak: Ana Laura Ruiz, Julia Ibarguren