euskal diaspora eta kultura
2009/01/30
PUBLIZITATEA
Resistencia, Argentina. Chacoko Euskal Etxeko presidenteak, Jose Cristian Echavarriak, harro harro helarazi digu Mariangeles Rosciani Grandes Igarategui eta Mauro Matheu gazteen ezkontzaren berri. Ezkontzak berez pozgarriak badira, honek gainera esangura oso berezia izan zuen euskal komunitatearentzat, bi gazteen familia eta lagunak batzeaz gain, bakoitzaren euskal etxeen arteko lotura indartsua sortu zuelako. Zer axola dio Chaco eta Arrecifes artean 1.500 kilometro egotea, tartean maitasuna eta adiskidetasuna baldin badaude!
Senar-emazte berriak euren euskal etxeetako dantzari ezagunak dira. Mariangeles Chacoko txikien dantza taldeko zuzendaria izan da orain gutxi arte, eta 2002az geroztik elkarteko dantza taldeko kidea da. Dantzari bezala Argentinako hainbat Euskal Astetan parte hartu du: Necochea 2005, Cordoba 2006 eta Rosario 2007. 2002an gainera, Euskal Herrian izan zen Gaztemundu programarekin. Mauro, bestalde, euskara irakaslea da eta Arrecifeseko dantza taldeko kidea izan da urtetan. Bi gazteek lan asko egin dute euren euskal etxeen alde eta harremana hasi zutenetik bi elkarteak profitatu dira euren ekarpenaz. 2006ean, adibidez, Maurok fandango eta arin-arin tailerra eman zuen Chacoko Euskal Etxean.
[Mariangeles Rosciani elizan sartzen bere ezkon-aitabitxiaren besotik (argazkia ChacoEE)]
Arrecifeseko ordezkaritza zabala
Espero zitekeenez, ezkontza egunean Arrecifeseko ordezkaritza zabal bat izan zen Chacon, ezkongaiekin egun berezi hau bizitzeko gogoz. Mauroren guraso eta anaia batekin batera euskal etxeko zuzendaritza batzordeko kideak, lagunak eta dantzariak izan ziren bertan.
Eguneko une hunkigarrienetako bat elizkizunaren ostean gertatu zen: Arrecifeseko eta Chacoko dantzariek senar-emazte berriei ohorezko arku bat egin zieten elizatik irteterakoan eta Aurreskua dantzatu zuten beraientzako. 'Munduko zorion guztia Mariangeles eta Maurorentzat! Eta Jaungoikoak bedeinkatu eta argitu ditzala bi euskal gazte hauek!', desiatzen die gure buletinaren bidez Resistenciatik Echavarria Chacoko Euskal Etxeko presidenteak. EuskalKultura.com-etik ere 'Zorionak bikote!'
[Maurok eta Mariangelesek irribarretsu argazkiak atera zituzten senitarteko eta lagunekin ezkontza ostean, tartean Jose Cristian Echavarria Chacoko EEko presidentearekin (argazkia ChacoEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus