Maipu, Argentina. “Elkartu, gogoratu, mintzatu eta Egunabar taldearen une onenak oroitzeko” helburuarekin antolatu zuen Anaitasuna Euskal Etxeak dantzari eta dantzari ohien lehenengo Topaketa hau. Jaia joan den larunbatean, ekainaren 15ean egin zuen eta egitarau abersatsa prestatu zuten antolatzaileek egunaren edergarri: argazki eta bideo bildumak, pintxo, tripaki eta txistorrek osatutako menua eta eskulanak. Festaren baitan, eta dantzarietako bat sustatzaile, mus tailer bat ere antolatu zen, muslari gehiago bildu ahal izateko erakundeak urtero antolatzen duen ‘Caio’ Elizondo Mus Txapelketan.
Baina zalantzarik gabe, bilerako ekintza nagusia dantzak izan ziren eta guztien artean, fandangoak, Lantzeko Inauteriak eta jauziak izan ziren aretoaren erdigunera dantzari gehien erakarri zituzten dantzak.
[Dantzari eta dantzari ohiak Maipuko Anaitasunaren Topaketan]
Anaitasunatik begi onez azpimarratu dutenez, “Dantzari batzuk euren guraso eta seme-alabekin etorri ziren; eta hori da gure funtsa: 1976tik Euskal Etxean laguntzaile izan diren gurasoak jaiaz gozatzen ikustea; eta gaztetxo berriak inguratzen ikustea, euskal kultura maitatzen duten familien baitan sortuta kateak segitzen duelako”. Jaial ez zuen bildu hasieran espero izandako jende kopurua, baina lortutako giroa ikusita animatuta daude maiputarrak eta datorren urtean Topaketaren bigarren edizioa antolatzeko asmoa adierazi dute.