euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maipuko Anaitasunak herriko ikasleak hartu ditu Euskal Etxean, bere lana azalduz eta parte hartzera gonbidatuz

2023/10/20

Pbro. Mauro Golé Institutuko bigarren mailako ikasleak Maipúko Anaitasuna Euskal Etxeko Iñaki de Azpiazu Liburutegian
Pbro. Mauro Golé Institutuko bigarren mailako ikasleak Maipúko Anaitasuna Euskal Etxeko Iñaki de Azpiazu Liburutegian

PUBLIZITATEA

Maipú, Argentina. Maipuko Anaitasuna Euskal Etxeak harremanbide estua darama bere inguruko eskolekin eta tarteka maila desberdinetako ikasleak hartzen ditu, neska-mutikoak, nerabeak, zein irakasle izateko formakuntza jasotzen ari ziren gazteak. Eskolak ere bisitatu ditu, bere dantzarien emanaldi eta hitzaldiak eskainiz. Instituzioekiko harreragune gisa lortutako ospea ohoratuz, joan den asteko asteazkenean, urriaren 11an, goizeko orduetan,herriko Pbro Mauro Golé Institutuko 3. mailako hogei bat ikasle hartu zituen bere egoitzan, euren Estefanía Medina irakaslea laguntzaile.

Ikasleak lantzen ari diren immigrazioa eta nortasunari buruzko proiektu baten baitan izan zen. 15 eta 16 urte bitarteko nerabeen taldeak sarrera hitzaldi informatibo bat jaso zuen, Alicia Ithurrart lehendakariaren eskutik., jorratutako gaien artean Euskal Herriko hizkuntza, gastronomia, geografia, sinboloak, jaiak eta tradizioak aipatuz. Euskal Etxearen jarduera eta euskal kultura eta tradizioarekin duen harremanaren berri ere eman zien lehendakariak.

Agurrak euskaraz

“Gurea hiri txikia denez, oso estu egiten dugu lan inguruko hainbat erakunderekin. Guretzat gozagarria da euskal kulturaren eta Euskal Etxearen jardueren berri zabaltzea, gozatzen dugu egiten duguna erakutsi eta irekitzearekin, izan ere euskal etxe gisa gure zereginetako bat da. Eta irekitze horri esker, adibidez, dantzari berriak lortzeko aukera izaten dugu”, azaldtzen dio Ithurrartek EuskalKultura.eus-i.

Etxeko gelak ere bisitatu zituzten. 'Iñaki de Azpiazu' Liburutegian euskal abizenen bibliografia kontsultatu zutenean, batzuek berretsi eta beste batzuek euren euskal jatorria ezagutu ahal izan zuten. Bereziki gogotsu agertu ziren mus-tailer bat egiteko proposamenarekin, eta arreta handiz jarraitu zituzten garai desberdinetako dantza-jantzien erakustaldiarekin batera jasotako azalpenak. Gastronomia tailerrera eta dantza taldearekin bat egitera propio gonbidatu zituzten.

Eta, despeditzeko orduan, topaketan bertan euskaraz ikasitako agurrekin eta esaldiekin dramatizazio labur bat lagun egin zuten. Tarte atsegin eta desberdin bat pasatu zuten, begiak zabaltzen lagundu eta askotan eurak ere parte direla inguruan ezin gertuago daukaten errealitate anitz eta aberatsaren erakusgarri.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia