Maipú, Argentina. 45 urte daramatza Euskal Etxe maiputarrak euskal kulturaren hainbat adierazpen, tartean dantza, musika, sukaldaritza, hizkuntza, kirola eta beste hainbat herrian zabaltzen. Lan eta jardunbide jarraitu hori errekonozitzeko, Buenos Aires Probintziako Turismo eta Kultura Katalogoan sartzeko bidea erraztu dio euskal elkarteari Maipuko Kultura, Hezkuntza eta Turismo Idazkaritzak, bertako buru den Marina Golé idazkariaren bitartez.
“Katalogoaren helburua hiriko ekimenguneak erregistratzea da euren lana bultatzearren eta babes politiketan sartu ahal izateko. Aldi berean, mapa bat sortuko dute Buenos Aires probintziako sare eta egitura turistiko-kulturala ezagutarazteko”, azaldu diote EuskalKultura.eus-i Anaitasuna-tik.
“Katalogoan sartu ahal izateko egindako lanak, geure buruari era berri batean begiratzeko aukera eman digu. Eta pozik ikusten dugu honek hurbilago egoteko balio izango digula, ez bakarrik euskal komunitateari dagokionez, komunitate osoari ere baizik”.
Maiputarren esanetan bestelako lehenengo onura bat ere ekarri dio Katalogoan sartzeak Euskal Etxeari. Izan ere, diru-laguntza bat jaso dute dagoeneko, pandemiari begira egoitza egokitu ahal izateko –protokoloa eta osasun arauak betetzeko–, aurrez-aurreko jarduerekin ahal eta lasterren has daitezen.
Honi lotuta, Euskal Etxetik adierazi digute datozen egunotan bidaliko dutela osasun-protokoloa Udaleko Krisi Batzordera. “Lehentasuna txikiei begirako ekintzak eta euskara klaseak dira”, azpimarratu dute.
Anaitasuna Facebook-en, Centro Vasco Anaitasuna