Urtean zehar eta hainbat ekitaldi antolatuz ospatuko du Buenos Aires probintziako Maipuko Euskal Etxeak urtebetetze berezi hau. Eta lehenengo deialdietako bat urteurrenaren logotipoa diseinatzea izango da. Lanak bidaltzeko epea martxoaren 30an bukatuko da eta gonbitea Euskal Etxeko kideei dago bereziki zuzenduta.
Maipu, Argentina. Maiatzaren 9an da Anaitasuna Euskal Etxearen sorrera data baina martxoan hasita abendura arte ospatuko du Maipuko euskal gizataldeak. Izan ere, lau hamarkada daramatza euskal elkarteak Maipu hirian euskal kultura zabaltzen eta hori ospatzeko ez ezik harro egoteko arrazoi ona ere bada. Hori dela eta, programa oparoa ari da antolatzen Euskal Etxea, Urtebetetze Bazkaria, Mus Txapelketa, Sukaldaritza Ekintzak eta bidaiak barne, Argentina osoko euskal etxeekin konpartitzeko baina batez ere, “Maipuko bertako jendeari begira. Bereziki, behin inoiz euskal etxeko kide izan direnei, berriro itzul daitezen” adierazi dio Euskal Etxeko lehendakari Alicia Ithurratek EuskalKultura.com-i.
Asmo horrekin plazaratu du Anaitasunak bere 40. urteurren logoa sortzeko deialdia. “Berez, ez da lehiaketa izango. Horregatik ez dago baldintza eta oinarririk. Gure helburua etxekoek egitea da, urteurren berezi hau guztion urteurrena delako eta guztion engaiamendua nahi eta behar dugulako. Are gehiago, ez da irabazlerik hautatuko. Agian bat baino gehiago aukeratuko dugu eta ekitaldi ezberdinak iragartzeko erabiliko ditugu”, azaldu du lehendakariak. Oinarririk ez baina epemuga bai. Lanak martxoaren 30a arte jasoko dira cvanaitasuna@hotmail.com helbidean edo zuzenean Euskal Etxearen egoitzan, Ramos Mejia kaleko 231. zenbakian. Irudiak JPG formatuan egon behar dira.
Egunabar taldeko dantzariak
40. urteurrena martxan dago Maipuko Anaitasuna Euskal Etxean eta Egunabar dantza taldeko kideak prest daude mugimendu handiko urtea bizitzeko. Entseguak hasi dira eta izango duten lehenengo emanaldia Cañuelaseko Dantzarien Topaketan izango da. Beste alde batetik, euskal etxetik jakinarazten dute apirilaren 9an urteko janari salmenta antolatuko dutela. Enpanadak prestatuko dituzte sukaldariak, “beti bezala, dirua lortu ahal izateko, bidaiei eta beste hainbat gasturi aurre egin ahal izateko”, jakinarazi du Ithurratek.