Hirurogeita hamar lagunentzako bazkari batekin ospatu zuen Anaitasuna erakundeak bere urtebetetzea; jaian, euskal etxea sortu, sendotu eta biziarazten lagundu zuten pertsona guztiak oroitu nahi izan zituen instituzioak, ehunka argazkirekin egindako bideo erakutsiz bertaratutakoei. Datorren urtean beteko dituen 40 urteak behar bezala ospatzeko proposamenak aztertzen hasiko da orain Buenos Aires probintzia argentinarreko euskal etxe hau.
Maipu, Argentina. Ekintza zerrenda luze baten protagonista izan da Buenos Aires probintziako Maipu hiriko euskal etxea azken bolada honetan. Alde batetik, erakundearen urteurrena ospatu zuten kideek joan den maiatzaren 17an, instituzioko areto nagusian burututako bazkari batekin. Beste alde batetik, apirilean Gernikako Bonbardaketa gogoratu zuten eta ‘Juan Carlos Elizondo’ izeneko Mus Txapelketa antolatu zuten.
Urteurrenari dagokionez, hirurogeita hamar bat lagunek hartu zuten parte elkarretaratzean. Eta etxeko menua partekatu eta gero, Fabian Maya soinu jotzaileak lagunduta bat-bateko dantza saio bat eskaini zuten dantzariek.
Urteurrenaren baitan, 39 urte hauetan Anaitasunako parte izan direnen irudi ugari biltzen zituen bideo bat aurkeztu zuen euskal etxeak (bideoa, hemen) Bideoa osatzeke dago, ordea. Alicia Ithurrat instituzioko lehendakariak EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez, “gure kide den Laura Etcheverryk prestatutako bideo hau, abiatzea baino ez da izan. Berak egina da, etxean zeuzkan argazkiekin; baina ziur gaude Maipuko etxeetan milaka argazki egongo direla, berrogei urte hauetan euskal etxean hartuta. Horregatik, bideo honen aurkezpenera gonbidatu nahi dugu jendea, etxean izan ditzakeen argazki horiek bildu eta gure esku ipiniz, datorren urteko, Anaitasuna-ren 40. urteurreneko bideoa ahalik eta osatuen egin ahal izateko”.
‘Juan Carlos Elizondo’ Mus Txapelketa eta Muslarien Txokoa
Gernikako Bonbardaketaren eguna gogoratzeaz gain, apirilean beste zeremonia hunkigarri bat izan zuten maiputarrek. Hilaren 18an, eta ‘Caio’ Elizondo zenaren ahaideak lagun, ‘Juan Carlos Elizondo’ izenarekin bataiatu zuen Zuzendaritza Batzordeak etxeko muslarien txokoa. “Juan Carlos gure laguna zen, dantza taldeko bost dantzariren aita eta muslaria. Iaz utzi gintuen Juan Carlosek, ekainaren 6an, eta hutsune handi bat laga zuen; hori dela eta, omenaldi gisa, bere izena jarri diogu muslarien aretoari eta gure Mus Txapelketari” azaldu digu Ithurrat-ek.