Maipu, Argentina. Ohiturari jarraituz, lau etapatan antolatu du aurten ere “Caio Elizondo” Mus Txapelketa Anaitasuna Euskal Etxeak. Etapa bakoitzeko irabazleak finalaurrekoetara pasatuko dira eta azken biek jokatuko dute finala. Txapelketako bikote irabazlea Maipuko Euskal Etxearen ordezkari izango da uztailean Macachin-en (La Pampa) jokatuko den 2019ko Txapelketa Nazionalean. Gogora dezagun Macachinen irabazle ateratzen den bikotea bidaiatuko dela Argentinako ordezkari aurten Euskal Herrian, Baiona hiriburu lapurtarrean egingo den Mundu Txapelketara.
Joan den igandean jokatu zen lehenengo etapan Mauricio Irastorza eta Javier de Arrieta atera ziren irabazle. Bigarren topaketa apirilaren 14an egingo da, arratsaldeko 4etan.
Dantza klase eta entsaioei buruzko berriak ere badatozkigu Anaitasuna-tik. aste honetan hasi baitituzte Egunabar taldeko dantzari txiki eta ertainentzako eskolak. Informazio gehiago, hemen.