euskal diaspora eta kultura
2009/02/03
PUBLIZITATEA
Erroma, Italia. Erromako erakusketa honetan donostiar sortzaile gazteak bere obsesio artistikoetako bat bideratu du: artea begiratzeko objektuak direla dioen ustea alboratu eta bisitariei artea esperimentatu eta gozatzeko gonbitea luzatzea. Horixe da italiar hiriburuko Fondazione Volume! aretoa goitik behera eraldatu duen 'Porte/Ateak' erakusketaren helburua. Areto honek ate, arku eta espazio oso desberdinak ditu, tartean malda txiki bat ere, eta bertan erakusketak egiten dituztenei lanak espazio honetara egokitzeko eskatzen diete. Lopezek aurretik eginiko lan bat espazio honetara egokitu ordez, aretoa bera eraldatu du bere lanaren bitartez. Hamabi ate mugikor eta kolorezko baldosak erabiliz Lopezek aretoa definitzen duten espazioak aldatu egin ditu eta, haratago, bisitariei gunea eurek nahi bezala aldatzeko gonbitea luzatu die, ateak mugituz eta kolore desberdinetako gelak sortuz.
Espazio berri hauek sortzeko Lopezek erabili dituen baldosek espainiar, italiar eta portugaldar zeramika tradizioa dakarte burura, eta neurri batean estetika islamiarreko mudejar arte kristaua ere. Aretoan sartzen joan ahala bisitariek ateak mugitu egiten dituzte eta espazio eta kolore konbinazio berriak sortzen dira. Erakusketa labirinto kromatikoa bihurtzen da eta barruan dauden bisitariek ateak irekitzerakoan mundu eta kolore berriak edota beste bisitariak topatzen dituzte, esperientzia joko bihurtuz. Erakusketak otsailaren 28a bitartean izango ditu ateak irekita Erroman.
Nazioarteko oihartzuna
Lopezen erromatar egonaldi hau nazioartean gero eta arrakasta handiagoa duen ibilbidearen geldialdi laburra baino ez da. Martxoan sortzailea Arabiar Emiratoetako Bienalean izango da, Sharjah-n, eta ondoren proiektu berriak egingo ditu Austrian eta Japonian.
Lopezek Veneziako 51. Biurtekoan parte hartu zuen eta neurri handiko arte ekintzak burutu ditu munduko hainbat hiritan: Shanghai-n eta Christchurch-en (Zeelanda Berria) kaleetako publizitatea desagertarazi zuen, eta Budapest-en milaka lagun bildu zituen kolorezko aterkiekin Kateen Zubiaren itxura goitik behera aldatu arte.
Lotura interesgarriak
Maider Lopez
www.maiderlopez.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus