euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maider Cigarroa kantari senpertarrak kontzertua emango du ostegunean Montrealen eta ondoko astean New Yorken

2024/09/03

Maiderrek Montrealen eta New Yorken kantatuko du datozen bi asteburuetan, bertako euskal etxeei loturik
Maiderrek Montrealen eta New Yorken kantatuko du datozen bi asteburuetan, bertako euskal etxeei loturik

PUBLIZITATEA

Senpere, Lapurdi. Maider Cigarroa abeslari senpertarrak, Maider bezala ezagurua denak, bi kontzertu eskainiko ditu irail hastapenean hurrenez hurren Montrealen eta New Yorken, bi hiriotako euskal etxe eta elkarretaratzeei loturik. Kantari lapurtarra, joan den martxoan plazaratu zuen "Biran den lasaia" izenburuko bere lehenengo diskoa ari da aurkezten udan. Bi hitzordu hauekin lehenengoz zeharkatuko du Maiderrek Atlantikoa bakarlari gisa, lehenago ere ibilia baita, baina ‘Haizean’ eta ‘Hiru soinu’ taldeetako kide legez.


Maiderren 'Zubia' kantua. Hitzak eta musika, Maider Cigarroa

Xabi Leon piano jotzaileak lagundurik, kontzertu bana eskainiko du Maiderrek Kanadan zein Estatu Batuetan. Datorren ostegunean, irailaren 6an, Montrealgo Euskaldunak Quebec-ek antolatutako Euskal Bestarekin bat arituko da. Hitzordua iluntzeko 7etan izango da, La Marche à côté tabernan, eta biharamunean Euskal Besta dastatu ahal izango du. Astebete beranduago, larunbatez, irailaren 14an, berriz, New Yorkeko Eusko Etxea izango da senpertarrak agerleku.

Zubiak Euskal Herria-Diaspora

“Betidanik izan dut diaspora ezagutzeko grina eta gure artean zubiak eraikitzeko gogoa”, adierazi dio Maiderrek EuskalKultura.eus-i proiektua nola sortu zen galdetuta. “Beraz, zergatik ez Ipar Amerikatik hasi?". "Quebec-eko Euskaldunak elkartean senpertar batzuk daude eta horrek erraztu zidan kontaktua”, azaldu digu. “Behin Montrealeko data finkatuta eta New York hain urrun ez dagoela ohartzean bertako Eusko Etxeko lagunekin jarri nintzen kontaktuan eta aukera planteatu nien. Harrera izugarri ona eman eta baiezko erantzuna jaso nuen berehala. Gainera New Yorkeko Eusko etxean ere badago Senpereko jenderik”, eransten du.

Emanaldietan "Biran den lasaia" diskoa aurkezteaz gain kantu herrikoi batzuk ere kantatuko ditu Maiderrek, giroa sortu eta publikoaren partaidetza ere bultzatzearren. “Aspaldiko ametsa dut munduko euskal etxeak eta euskal etxeetako jendea ezagutzea; gauza ederra da elkarrekin ditugun loturak partekatu eta lantzea, eta gogoratzea sustrai berdinak ditugula”, azpimarratu du musikari lapurtarrak.

Maiderren ‘Biran den lasaia’ diskoa Spotifyn topa daiteze. Maider Youtuben (@maidermusik) eta Instagram-en (maidermusik) dago.

- Elkarrizketa Maiderrekin Radio Kulturan



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia