euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maiatz aldizkariak jasoko du Argizaiola saria aurtengo Durangoko Azokan; umorea izango da ardatz nagusia

2007/11/22

Azokaren kartel berria, modeloak (ezkerrean) eta diseinatzaileak (eskubian) aurkeztua
Azokaren kartel berria, modeloak (ezkerrean) eta diseinatzaileak (eskubian) aurkeztua

PUBLIZITATEA

Atzo aurkeztu zituen Gerediaga elkarteak Durangoko Azokaren 42. edizioko ildo nagusiak izango direnak. Azoka abenduaren 5etik 9ra egingo da Durangon eta urtero legez euskal kultur munduaren topagune bihurtuko da: idazle, musikari eta editoreek bertan aurkitu dituzte irakurle eta entzuleak aurrez aurre. Aurten gainera azoka umoretsu dator, umorea izango baita ardatz nagusia hainbat ekitaldietan. Argizaiola saria Maiayz aldizkari eta elkarteak jasoko du eta Iparraldeko idazle, musikari eta argitaletxeek presentzia nabariagoa izango dute aurten, Euskal Kultur Erakundearen eskutik.
Euskal liburugintza eta diskogintzak 554 nobedade aurkeztuko ditu aurten Durangoko Azokaren 42. edizioan. Euskal Herriko Kultur topagune nagusienetakoa den Azoka abenduaren 5ean hasi eta 9an bukatuko da, bost egun horietan Euskal Herri osotik etorritako jendea bilduko delarik Landako aretoko standen artean, tartean andanatxo bat Diasporako euskaldun ere hain segur, urtero izan ohi den bezala.

Aurten azoka umoretsu dator, horixe izango baita gai nagusia: umorea. 'Vaya Semanita' ETB2ko saioko aurkezleak, Andoni Agirregomezkortak, egingo du sarrera hitzaldia eta biharamunean ere umore eta ironiaz beteriko hainbat ekitaldi egingo dituzte: Paia anai-arrebek eta Unai Elorriagak prestatu duten 'Oroimenaren lupa' ikuskizunaren estreinaldia, Zazpiak Batman kolektiboaren “Laster Master: inkomunikazio ikastaro azkarra”; Zakilixut Azokan erakusketa, 'Kutsidazu bidea, Ixabel' filmaren emanaldia... Hona aurtengo programa.

Argizaiola Maiatz aldizkariari

Azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteak urtero ematen duen Argizaiola saria aurten Maiatz aldizkari eta elkarteari emango dio. 25 urte betetzen ditu aurten Maiatzek eta ibilbide horretan makina bat lan egin du euskarazko literatura Ipar Euskal Herrian indartzeko eta berritzeko. Iparraldeko idazle, musikagile eta argitaletxeek aurreko edizioetan baino presentzia nabariagoa izango dute aurten azokan, Euskal Kultur Erakundearen eskutik.

Bestalde Georgiako literatura izango da aurtengo gonbidatua, Euskal Idazleen Elkartearekin eta Ertoba euskal georgiarren elkartearekin elkarlanean. Azokak Eva Forest, Jesus Atxa eta Salvador Solaegi idazleak gogoratzeko ekitaldia ere egingo du eta karteleko protagonista den Olentzeroren bisita ere jasoko du.


Lotura interesgarriak

Durangoko Azokaren webgunea
www.durangokoazoka.com

EuskalKultura.com ere bertan izango da
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 19an

Igotz Ziarreta, aurtengo kartelaren egilea
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 8an

Iazko argazki kronika, EuskalKultura.com-eko standetik
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 14ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia