euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maialen Lujanbiok, Fredi eta Xabi Payak euskal bertsoak eramango dituzte Brasil, Argentina eta Uruguaira

2008/02/27

Paya anaiak eta Wilson Saliwoncyk Getxon egin zuten bertso saio batean
Paya anaiak eta Wilson Saliwoncyk Getxon egin zuten bertso saio batean

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko bertsolari eta Argentinako payadore gazteen arteko konexioa bizi-bizirik dago eta eman duen azken fruitua Maialen Lujanbio eta Paya anaiek Brasil, Argentina eta Uruguaira egingo duten bira da. Abentura honetan Wilson Saliwoncyk payadore argentinarra izango dute lagun eta gidari. Ikuskizun erakargarria eta euskaraz hitz egiten ez dutenentzako ulergarria eskainiko omen dute.
Maialen Lujanbio, Fredi Paya eta Xabi Paya bertsolariak bira egingo dute martxo honetan Hego Ameriketan barrena, Wilson Saliwoncyk payadore argentinarrarekin batera. Emanaldiak Sao Paulon hirian (Brasil), 9 de Julio, Saladillo eta Chascomusen herrietan (Argentina) eta Montevideon (Uruguai) izango dira. Saladillon Itxaropen Euskal Etxeak antolatu duen Nazioarteko Payadore Jaialdian parte hartuko dute. Martxoaren 22an izango da eta bertan euskaldunak, Saliwoncyk eta beste argentinar batzuk eta Uruguaiko eta Brasileko repentistak ariko dira, tartean Paulo de Freitas Mendonça, Juan Alberto Lalanne, La bagualera salteña Balvina Ramos eta Emprocuras taldea bezalako gonbidatuak.

Itxaropen Euskal Etxeko lehendakariak, Silvina Bordenavek azaldu duenez, jaialdia antolatzearen ideia Adalberto Brunorena izan zen eta haren laguntzarekin elkartea Wilsonekin harremanetan jarri zen. Jaialdiaren aukerak onak zirela ikusita jarraian bertsolariekin hitz egin eta hiria bisitatzera etortzeko gonbitea egin zieten. Ikuskizuneko sarrerekin ateratzen den dirua euskal eta amerikar repentisten bidaia ordaintzeko laguntzeko erabiliko dute.

Ikuskizuna 'oso dinamikoa, anitza eta dibertigarria' izango da, Wilson Saliwoncyk argentinar komunikabideei aurreratu dienaren arabera. 'Edozein ikuslegorentzat aproposa' izango da ikuskizuna eta euskara jakin edo ez, edonork jarraitu eta ulertu ahal izango omen du. Saliwoncyk eta Paya anaiek egin izan dituzte era honetako ikuskizunak elkarrekin Euskal Herrian, orain haien arrakasta Hego Ameriketara eraman ote daitekeen ikusi ahal izango dute.

Emanaldien tokiak: BRASIL: Sao Paulo Unibertsitatea, martxoaren 14ean. ARGENTINA: 9 de Julio-ko Udal Areto Zuria, martxoaren 20ean; Saladilloko Apeaderoa, martxoaren 22an; Chascomús-eko Udal Antzokia, martxoaren 23an; URUGUAI, Montevideoko Zitarrosa Aretoa, martxoaren 29an. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren sostengua dauka eta Lanku enpresa aritu izan da antolatzaile Euskal Herrian; eta Hego Ameriketan, Itxaropen (Saladillo), Etxe Maitea (9 de Julio), Zingirako Euskaldunak (Chascomús), Alkartasuna (Sao Paulo) eta Haize Hegoa (Montevideo) Euskal Etxeak, Wilson Saliwonczyk payadorearekin batera.


Lotura interesgarriak

Paya anaiak eta Wilson payadorea bertsoka elkarrekin (bideoa)
2007ko ekainean Getxon eginiko saioan

Wilson Saliwoncyk payadorearen webgunea
www.wilsonelpayador.com.ar

Euskal Argentinar bertso topaketak 2008
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 29an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia