Mexiko Hiria, Mexiko. Itsasoa Txapelketaren ajea gainditzeko asmoz zeharkatu bazuen ere, bertsotan bukatu du Lujanbiok Mexikora egin duen bidaia laburra. Joan den larunbatean, bakarkakoa behar zuen bertso-afariak, taldekoa bukatu zuen Euskal Etxean, eta euskara eta gaztelania baliatzeko baldintza, aukera bilakatu zuten antolatzaileek. Izan ere, jatorri euskalduna duten mexikarrek dastatu ahal izan zuten ezagutu bai baina sekula zuzenean entzun gabeko bertsolaritza; eta Mexikora lanera edo ikastera etorritako gazte euskaldunek, berriz, Euskal Herritik kanpo badiren inprobisatzaileak ezagutu zituzten, bertsolari euskaldun eta inprobisatzaile mexikarren artean egindako kantuzko lehia baten bideoa pantailaratu baizitzaien bildutakoei.
Lujanbiori txapela eta euskal diaspora bezalako gaiak jarri zizkioten, eta bertso bakoitzaren ondoren haien mezua itzultzen zizkieten euskaldun ez ziren euskaltzaleei, inor bazterrean gera ez zedin. Bertsolariarentzat erronka handia zen bakarrik kantatzea halako afarian baina, ezustean, Iñaki iruindarra etorri zitzaion laguntzan. Bien artekoa lehia baino, errimaz egindako solasaldia izan zen, bataren gaztelaniazko hitz neurtuei besteak euskarazko bertso bidez erantzun zien eta.
Euskal Herriko bertso txapeldun Maialen Lujanbio hernaniarra kantari Mexikoko Euskal Etxean
Iñaki iruindarraren ezusteko laguntasuna jaso zuen bertsolari hernaniarrak
Askoren interesa bildu zuen Euskal Etxean antolatutako lehen mailako bertso afari berezi honek
Saioan aipamen berezia egin zitzaien Mexikon euskara ikasten dabiltzan guztiei, bai Euskal Etxeko irakasle biekin ari direnei, eta baita UNAM unibertsitatean euskalduntzen dabiltzanei ere. Aldi berean, bertan ziren guztiak ase utzi zituen saioan Pello Bixente mozkor jatorrari inoiz eskainitakoak bertso-paperean bildu eta elkarrekin kantatu zituzten guztiak. Hizkuntza bietan osatutako bertsoak izanik, mahaikide guztien esku hartzea erraztu zuen kantak.
Afariarekin amaitu aurretik, Julen Ruiz de Azua eta Josu Garritz Euskal Etxeko buruek eskerrak eman zizkioten Maialen Lujanbiori haien etxera etorri eta bere etorria Mexikoko euskaltzale guztiekin partekatzeagatik. Bertsolariari aitortu bezala, Euskal Etxea, bada Mexikon amaitzen duten euskal herritar ororen aterpea.