euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak San Frantziskon kantatuko dute bihar, EEaren 50. urteurrena ospatzeko

2010/03/12

San Frantziskoko Euskal Etxearen 50. urteurreneko afixa eta logoa
San Frantziskoko Euskal Etxearen 50. urteurreneko afixa eta logoa

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko bertso txapeldunak, Maialen Lujanbiok, eta txapeldun ohiak, Andoni Egañak, San Frantziskon kantatuko dute bihar, hiri iparramerikar horretako Euskal Etxearen 50. urteurrena ospatzeko. Europatik propio ekarritako bi bertsolariokin batera, bertako lau bertsolari ere taularatuko dira: Johnny Kurutxet eta Gratien Alfaro (San Frantziskokoak), Martin Goikoetxea (Rock Springs, Wyoming) eta Jesus Goñi (Reno, Nevada). Ikusmin handia piztu du bertso saio honek eta alimaleko giroa espero da bihar San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'en. Antolatzaileek ahalegin berezi bat egin dute, eta parte hartzaileetako asko euskaradunak izango badira ere, 'ingeleseratze' zerbitzu bat ere saiatu dira ipintzen. Lan horretan lau pertsona arituko dira, txandakatuz, aitzindaria izango den esperientzia batean.

San Frantzisko, Estatu Batuak. Ikusmin handia dabil San Frantziskoko euskal komunitatean bihar larunbata bertako South Cityn, Basque Cultural Center delakoan egingo den bertso saioaren aurrean. Aukera ere berezia da oso, hiri kaliforniarreko Basque Club edo Euskal Etxeak bere berrogeita hamargarren urteurrena ospatzen baitu, ospakizun biribil eta berezia, eta horregatik erabaki zuten bertako buruzagiek data berezi hori are bereziagoa den ekitaldi batekin ospatzea: lehen mailako bertso saio bat antolatuz, Europako plazetako punta-puntako bi bertsolari ekarriz, Maialen Lujanbio txapelduna eta Andoni Egaña txapeldun ohia, Estatu Batuetako plazetan egun aritzen diren lau bertsolariekin batera kantatzen ipiniz, esan nahi baita Johnny Kurutxet eta Gratien Alfarorekin (San Frantziskokoak), Martin Goikoetxearekin (Wyomingdik) eta Jesus Goñirekin (Renotik).

50. urteurren hau bertso saio batekin ospatzeak badu, bestetik, bestelako arrazoin bat ere: San Frantziskoko Euskal Etxearen sorrera bertsolaritzarekin eta bertsolariekin zuzenean lotuta baitago. Izan ere, 1960an, EEa sortu zenean, San Frantziskoko euskaldunak --Iparraldekoak gehienbat-- elkarte frantses batean biltzen ziren. Gertatu zen, ordea, urte hartan gonbidatu zituztela Xalbador eta Mattin bertsolariak. Frantses piknik edo bilkura hartan, mikroa bi gonbidatu bertsolariei eskaini eta bertan zeuden batzuek, nonbait samurtu edo haserretu euskarazko kantu horiek ez ulertzearekin, eta mikroa moztu zieten. Gaur hartan bertan, euskaldun talde bat San Frantziskoko euskal ostatuetako batean bildu eta zin egin zuten ez zela berriz ere halakorik gertatuko. Gau hartan sortu zen orain mende erdi bat ospatzen ari den Euskal Etxea, gaur egun errealitate azkarra eta indartsua dena.

Bertso saioa arratsaldeko 4etan hasiko da, South San Frantziskoko Basque Cultural Center-en, eta lekua txikia geratuko da aurreikuspen guztien arabera. Ekitaldiak Euskal Etxearen aipatu sorrera gogoratuko du eta Xalbador eta Mattin ohoratuko ditu tranpaldo gainean. Saioaren ondoren afaria izango da, zazpietatik aurrera, hau ere bertso girokoa. Antolatzaileek iragarri dutenez, esperientzia berri bat behar dute saiatu, itzulpen zerbitzurik ez, baina bertsolarien lana ingelesez azaldu eta saioak aurrera egiten duen heinean gakoak eta diotenaren jakingarri batzuk ingelesez emango duen lau pertsonek osatutako taldea osatu baitute, test gisa, bertsolaritzaren muina entzule ez-euskaldunengan ere inguratu nahirik.

-Xehetasun gehiago: http://www.basqueclub.com/50-bertso.htm



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia