euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mahats Bilketa Jaia, Boca Junior-en partida eta nortasun argentinarraren hainbat ikur ETBko 'Vascos por el Mundo' saioan

2024/05/08

Joana Etxabe 'Vascos por el Mundo' saioko aurkezlea Boca Juniors-en 'Bombonera' futbol zelaian, bertako Eider eta Ramirorekin
Joana Etxabe 'Vascos por el Mundo' saioko aurkezlea Boca Juniors-en 'Bombonera' futbol zelaian, bertako Eider eta Ramirorekin

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Euskaldunen eta euskaldunen ondorengoen eskutik mundua ezagutzea du helburu ETB2ko ‘Vascos por el Mundo’ (VxM) saioak eta asmo horrekin bisitatu du berriro ere Argentina, oraingoan Mendozan otsail-martxo artean egiten den Mahats Bilketaren Jaian parte hartzeko. Mendoza hirian eta bertako Denak Bat Euskal Etxea anfitrioi, Jaialdian parte hartzeaz gain Andeen Mendikateraino heldu zen Joana Etxabe saioko aurkezlea, La Asunción herria –eta bertako Huarpe Komunitatea– ezagutuz eta ‘turismo abentura’ eginez.

Atala Mendoza, Buenos Aires eta La Platan grabatu zen, eta partaide dira Javier Salvarredi, Lautaro Pincheira, Oscar Razquin, Fernando Gil, Eider Serrano, Iñaki Aramayo, Xabier Aguirre...

Saioa, joan den igandean, maiatzaren 5ean, eskaini zen, Argentinako euskal gizataldeetan oso ezagunak diren aurpegi batzuk pantailaratuz, tartean Javier Salvarredi Mendozako Denak Bat-eko lehendakaria eta Lautaro Pincheira erakunde bereko irakaslea. Baina gehiago ere izan ziren Mendozatik mintzatu ziren euskaldunak, hala nola, nafarren ondorengoa den Oscar Razquin eta euskal izeneko Andeen magaleko hiri berean bizi den Fernando Gil gasteiztarra.

Argentinako hiriburuan ere bisitari ibili ziren VxM saioko lagunak eta baita Buenos Airesetik gertu dagoen La Platan ere. Eta La Platako Euzko Etxeak antolatutako Eguzkipean jaialdian ere egin zituzten grabaketak. Saioa Euskal Herritik ikusi zutenek aukera izan zuten, beraz, euskal danza argentinarrak bertatik bertara ikusi ahal izateko eta Patagonia argentinarrean euskal errezetari jarraituz baina bertako sagarrez egiten den Txapela sagardoaren berri zuzena izateko.

Buenos Airesen, azkenik, Eider Serrano donostiarrak gidaturik, bertako leku famatu eta ikonikoak diren Plaza de Mayo-n eta Caminito-n ibili ziren. Eta Caminito-tik oso gertu, ikuskizun paregabean murgildu ziren, aurrekoak bezain ikononikoa gainera: Boca Juniors futbol taldeak Bombonera izeneko bere futbol zelaian partida baten muinetan sartu ziren, zale artean, giro zinez berezia den bertakoa eurenganatuz, artikulu honen ilustratzaile hautatu dugun goiko argazkiak ederki islatzen duenez. Atalaren emisioaren ostean, ETBk atal zaharrago bat eman zuen igandean, Joana Etxabe kazetari berak Estatu Batuetako Boisen, eta bertako euskal komunitatearekin grabatutakoa.

- Argentinako saio osoa ikusgai hemen.
- Boiseko saio osoa, hemen

Oroitaraziko dugu, bukatzeko, ETBk bere saioetako zerrenda luze bat osorik eta noiznahi ikusteko aukera ematen duela, doan, bere webgunean. 'Vascos por el Mundo'ren kasuan programako atal guztiak hemen topa daitezke eta euretako askotan agertzen dira Diaspora eta Diasporako euskaldunak. ETBko beste edozein programa topatu eta ikusi nahi baduzu, egizu klik hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia