Jose C. Paz, Argentina. Jose C. Pazeko UNPaz unibertsitateak antolatu dituen Migrazioari buruzko III. Jardunaldiak maiatzaren 23 eta 24an egingo dira, “migrazioaren fenomenoa osatzen duten dimentsio anitzak mahaigaineratzeko eta horien inguruan ideiak trukatu eta eztabaidatzeko”. Aurreko edizioetan ez bezala, aurtengo mintegiak euskal gaiei buruzko mahai oso bat osatu du, kolektibitateko zenbait erreferente gonbidatuta, tartean Euskadiren Argentina-Mercosur-eko ordezkaria den Sara Pagola. Argentinako euskal kolektibitate antolatuaz eta Eusko Jaurlaritzak honi eskaintzen dizkion laguntza eta zerbitzuez hitz egin dezan.
Hizlarien eta gaien zerrendako parte da baita ere EuskalKultura.com eta berau Argentinako gure korrespontsala den Sabrina Otegik aurkeztuko du, buletinak gizatalde batentzat hain garrantzitsua den komunikazio eta berrien zabaltze alorrean egiten duen lana aipatuta; Martin Colombet eta Dario Rodriguez irakasleek euskara hartuko dute mintzagai, Argentinan euskara ikasteko dauden aukerak azalduz; José C Paz-eko Toki Eder Euskal Etxeko Maria de los Angeles Oñederrak eta Pilar Uribeondo y Ruizek, ostera, bertako Euskal Etxearen historiari buruz hitz egingo dute; eta Pilar Uribeondo y Ruiz berak Euskaldunak y retoños en Toki Eder bere liburua aurkeztuko du.
Euskal gizataldeari buruzko mahaia, 12 zenbakiduna, maiatzaren 23an egingo da eta Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxeko erreferente ere baden Paula Basaldua soziologoa koordinatzaile.