Magdalena, Argentina. Hilabetetako lanen ondoren, Magdalenako Ongi Etorri Euskal Etxeak, bere egoitza, hiriko Rivadavia 925 kalea helbidean, egokitu eta zaharberritzeko egindako obrak datorren larunbatean, uztailaren 1ean, inauguratuko ditu. Ekitaldiaren zati formala amaituta, elkarteak bere sorreraren 31. urteurrena ospatuz segituko du eguneko programa, hala nola senidetasun bazkari batekin, tokiko eta euskal komunitateko agintarien presentzia lagun.
Goizeko 11:30etan hasiko da eguna, EEko Ongi Etorri dantza taldeko Abril Olanoren ohorezko aurreskuarekin. Ondoren, Pablo Briguez arkitektoa zuzendari izan duten lanak inauguratzeko, ohiko zinta-mozketa egingo da eta plaka oroigarri bat desestaliko. Magdalenako Intendente Gonzalo M. Pelusok eta Udaleko Kultura eta Prentsa zuzendari Sebastian Fleitak hartuko dute parte eta, euskal komunitatearen izenean, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkari Sara Pagolak eta FEVAko presidente Arantxa Anituak. La Platako Euzko Etxeko ordezkaritza handi bat ere bertaratuko da, 20 dantzari eta elkarteko abesbatza tarteko.
31. urteurrena, lorpen, proiektu eta emozio handiz
Bazkalorduan, menu herrikoi bat eskainiko da, pintxoekin, dilistak eta oilaskoa kazolan, oso-osorik Ongi Etorriko zuzendaritza batzordeko kideek prestatua. Euskal Etxeko dantza taldeak, Abril Olano eta Paloma Diaz zuzendari, euskal dantza erakustaldi bat eskainiko du eta, postre garaian, urteurreneko tarta berezia eta kopak altxatzeko unea iritsiko dira.
"Oso hunkituta gaude denok", adierazi du esker onez EuskalKultura.eus-i egindako hitzetan Ana María Ondarçuhu Ongi Etorriko presidenteak, "izan ere itxaropen eta espektatiba handiko unea dugu hau. Lekua izango dugu, gainerako Euskal Etxeetako lagunak errezibitzeko lekua, eta hori funtsezkoa da besteengandik ikasteko. Orain arte atzeratzen joan garen proiektu asko ditugu. Horregatik, egoitza honek esanahi handia du guretzat: kide izateko espazioa da, elkartzeko, lan egiteko, batzeko eta euskal kultura zabaltzeko", esan digu.
"Udalak kultur inbertsio bikaina egin du, magdalenatar guztiona dena, eta oso harro eta sostengatuta sentitzen gara», azaldu du euskal etxe magdalenatarreko lehendakariak, eskerrik asko handi batez eskertuz proiektu hau bururatu zedin lagundu duten guztiei, bakoitza bere leku eta arlotik.
Aurrera, bada, Magdalena!