Magdalena, Argentina. Erakusketa Giuseppe Garibaldi Elkarte Italiarrak antolatu du, herriko Kultur Gunean, irailean Argentina osoan ospatzen den Immigrantearen Eguneko programaren barruan. Antolatzaileek gonbidaturik eta Euskal Etxea sustatzeko prozesuari bultzada emateko, erakusketaren parte izango da Ongi Etorri Elkartea irailaren 29ra arte. Astean zehar Euskal Herriaren ikur diren hainbat objektu egongo dira Kultur Gunean, tartean, armarriak, banderak, argazkiak…
Erakusketa goizez (egunero, 9etatik 12etara) eta arratsaldez (ostiraletik igandera, 17:30etatik 19:30etara) bisita daiteke, sarrera libre eta doan.
Euskal Etxea berpizteko urratsak
Maiatzean bildu ziren Magdalenako Euskal Etxeko kideak elkartea berrabiatu eta bultzada berria emateko. Bilerak ondo doaz eta irailaren 19an eginikoan zuzendaritza berritzeko data jarri zuten. Etxeko erreferente Angela Diaz Ezquiagak EuskalKultura.eus-i jakinarazi dionez, “Lagun ugari elkartu ziztaizkigun bilkurara, jende gaztea eta berria. Oso pozik gaude. Ziur gaude oraindik badagoela gure berri jaso ez duen jendea, horregatik egingo dugu beste bilera informatibo bat urrian. Zuzendaritza berritzeko batzarra, ordea, azaroaren 8an izango da”.
Ongi Etorri Euskal Etxearen Facebook kontua: Centro Vasco Magdalena