euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Magdalenako Ongi Etorri EEk 'Euskal erara egindako IX. Txorizo eta Odolki Festa' antolatu du azaroaren 4erako

2007/10/19

Buenos Aires probintziako Magdalena herriko  Ongi Etorri Euskal Etxeko dantzari gazteak
Buenos Aires probintziako Magdalena herriko Ongi Etorri Euskal Etxeko dantzari gazteak

PUBLIZITATEA

Azaroaren 4ean ospatuko du Ongi Etorri Euskal Etxeak Euskal erara egindako Txorizo eta Odolkiaren 9. Festa, Magdalena-tik gertu dagoen Los Charitos zelaian, Buenos Aires probintzia argentinarrean. 1999. urtean udal intereseko festa izendatu zuten ekitaldi hau nazio mailan mota honetako bakarra da. Lehiaketa irabazteko hestebeteak euskal moldeari jarraiki eginak behar dute izan. Euskal eta argentinar folkloreaz gozatzeko aukera eskaintzen ere zaio publikoari.
'Euskal erara egindako Txorizo eta Odolkiaren 9. Festa' euskal sukaldaritza eta argentinar landa ohituren bilkura gisa sortu zen. Bere helburua dantza eta musikaren bitartez euskal folklorea ezagutzera ematea zen, argentinar ohiturekin bat egiten duen espazioan. Magdalenako Ongi Etorri Euskal Etxeko arduradunek Euskalkultura.com-i aipatu diotenez 'urteen poderioz komunitate osoa elkartzeko abiapuntu bihurtzen joan zen heinean, festa gero eta gehiago zabaldu zen eta egun, zentru gehiago ikus ditzakegu bertan'. Bestalde, hitzordua, pixkanaka egoitza berritzeko edota urteko ekintzetarako dirua biltzeko aukera paregabea da.

Festaren lehenengo edizioa 1997an egin zen, Sport Club-eko pilotalekuan eta bertan zentruko dantza taldeak bere lehenengo aurkezpena egin zuen. Ordutik aurrera urtero errepikatu izan da jaia, 2006 urtean izan ezik, erakunde arazoengatik ezin izan baitzen egin. Hasieran festak ehun bat pertsona biltzen zituen afaltzeko, baina urteak pasatu ahala jende kopurua igotzen joan da 2005ean 500 pertsona bildu arte, antolatzaileen helburuak aski gaindituta.

Lehiaketa

Euskal elkarteko bazkideek eta Magdalenako herritarrek osatzen duten epaimahaiak erabakitzen du urtero Txorizo eta Odolki lehiaketaren irabazlea. Festako antolatzaileek berek EuskalKultura.com-i aitortu diotenez, "Eduardo Alcat-en 'Zentruko Harategia' izan da lehiaketako garaile urte askotan eta bi modalitateetan gainera, baina 2005ekoan partikular batek, Marcelo Mayorak, eraman zuen lehenengo postua odolki modalitatean".

[Goiko irudietan aurreko edizioetako une desberdinak (argazkiak Ongi Etorri EE)]

Datorren azaroaren 4ean egingo den 9. edizioan berrikuntza bat izango da: Magdalena herritik gertu dagoen Los Charitos zelaian egun-pasa egiteko proposamena. Aurten besta udaberrian egiteak lehiaketaz gozatzeko aukera aparta eskainiko du, aurreko urteetan ez bezala (uztaila eta abuztua aldean egin baita, zerriaren hilketaren garaian, alegia).

Sarrera mugatuak

Jai honetan parte hartzeko txartelaren balioa, helduentzako, 60 pesokoa da, 35, adin txikikoentzat. Prezioaren barne opil frijituez osaturiko gosaria, bazkaria (enpanadak, euskal erara prestaturiko txorizo eta odolkiak, haragi errea zenbait entsaladarekin eta postre izoztua, etxean eginiko ogia, ardoa eta freskagarriak), eta etxean eginiko pasteltxoez osatutako merienda sartzen dira.

Gainera ikusleek bazkalaurretik lehiaketan parte hartuko duten hestebeteak dastatzeko aukera izango dute. Honetaz aparte, lekuko zerbitzuak erabili ahal izango dira, hala nola sulky --karroza moduko bat-- edota zaldi ibilaldiak. Los Charitos-eko jarduerak amaiturakoan, festak Euskal Etxeko gizarte egoitzan izango du jarraipena eta herriko plazan ere dantzaldia egongo da.

Parte hartzeari dagokionez, antolakuntza arrazoiak medio ezinbestekoa izango da izena aldez aurretik ematea. Lehiaketaren kasuan, epea Urriaren 22an bukatuko da; bazkariko txartelak lortzeko berriz, denbora badago 27ra arte. Informazio zabalago bat eskuratzeko eta txartelak erreserbatzeko zenbaki hauetara dei egin daiteke: 02221-452345/453708, edo mail bidez hona idatzi.


Lotura interesgarriak

Magdalenako Euskal Etxeak Zuzendaritza berritu du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 6ean

Ongi Etorri Euskal Etxearen urteurrena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2004ko abuztuaren 7an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia