Magdalena, Argentina. 2023 urte amaieran hasitako erakunde arteko lanaren ondorioz, Magdalenako Ongi Etorri Euskal Etxeak hiri horretako espetxeko presoek egindako altzari dohaintza bat jaso du. Gizarte Bolondresgo jardueren esparruan antolatutako zurgindegi tailerreko partaideek zurezko hamar mahai eta beste hainbeste aulki egin zituzten, duela gutxi ireki berri duten Euskal Etxearen egoitza zaharberrituan erabiltzeko. Urtarrilaren 24an, asteazkena, harrera egin zieten espetxean Ana María Ondarçuhu eta Mónica Olasaguirre, hurrenez hurren Magdalenako “Ongi Etorri” Euskal Etxeko lehendakaria eta idazkariordeari, eta bertan eman zizkieten altzariak.
Nestlé SA enpresak hornitu zuen zura, Ongi Etorrik fabrikaziorako beharrezkoak diren beste material batzuk jarri zituen, eta zurgintza tailerreko parte-hartzaileek, euren eskulana. “Lankidetza esperientzia honetatik oso interesgarria iruditu zaigu konturatzea beste erakunde batzuekin elkarlanean, Euskal Etxearentzat beharrezkoak diren gauzak eskuratzetik haratago, instituzio gisa hazteko aukera ematen digula», adierazi dio EuskalKulturari Ongi Etorriko lehendakari Ana María Ondarçuhuk. Euskal Etxetik jakinarazi zaigu, bestalde, La Platako Euskal Etxeak antolaturiko Eguzkipean Kanpamentuan parte hartzeko asmoa dutela, eta Ongi Etorriko agintariak berritzeko Batzarra martxoaren 1ean egingo dutela.
Ordezkaria Euskara Munduan-en
Mónica Olasaguirre, Ongi Etorriren ordezkaria Euskara Munduan-en. Zorionak!
Zuzendaritza Batzordeko kide izateaz gain, euskaldunen biloba den Monica Olasaguirre sartu berria da Etxepare Euskal Institutuaren euskal etxeetarako euskara irakasleak prestatzeko helburua duen Euskara Munduan programan. Harreman estua du berak Euskal Herriarekin, alaba eta biloba bertan bizi baititu. Urtarrilean San Nicolasen izandako barnetegian parte hartu du Mónicak,, eta gogo biziz itzuli da.
Ongi Etorri Euskal Etxeko lehendakariak baieztatzen du Magdalenan dagoen euskararekiko interesa. Bere hitzetan, "Euskal Etxeko euskara ikasketa eten egin zen, genuen irakaslea Bilbora itzuli zenean. Geroztik, irakasle bat izan nahi izan dugu bertan. Horregatik, eta Monicak Euskal Etxearen alde guztia ematen duelako, oso oso pozik gaude programan sartu izanaz”, berresten digu Ana Maria Ondarçuhu-k.