Magdalena, Argentina. Pozik daude Magdalenako Ongi Etorri Euskal Etxeko kideak. Eta arrazoiak soberan! Laster amaituko dira iazko irailean hasitako obrak, egoitza soziala berritzeko. Duela hogeita hamar urte sortu zen Euskal Etxea, eta egun, udalak komodatuan utzitako eraikin batean dihardu, Erdiguneko Rivadavia kalean, plaza nagusiaren parean, leku ezin hobean jarduera sozial eta kulturalak burutzeko. Eta orain, begien aurrean ikusten dute obrak amaitu eta egoitza berritua estreinatzeko unea.
“Herri osoa dago pozik, zinez hondatuta zegoen gune bat berreskuratu delako, eta balioa eman zaiolako. Antigualean, gaur egun Kultur Etxea dena Colon Hotela zen, eta gure egoitza, berriz, haren garraio zaharrak gordetzeko lekua. Oso toki zaharra eta maitagarria da eta, apalki diot, eraldatzen lagundu dugu», azaltzen dio Euskal Etxeko lehendakari Ana María Ondarçuhuk EuskalKultura.eus-i.
Larunbatean, euskal dantza tailerra
Udalaren eskutik, konponketa lan orokor garrantzitsua egin da. Aitzinaldea birmoldatu da, aldameneko kulturgunearen ildo arkitektonikoari jarraituz. Bertan, gaur egun Magdalenako Eskualdeko Udal Museoa dago. Gainera, zoruak, hormak, ateak eta leihoak konpondu eta berritu egin dira, espazio osoa pintatu eta espaloia konpondu. Hilabete barru inauguratzea espero dute.
Bitartean, Euskal Etxeak bere jarduerarekin jarraitzen du eta datorren larunbatean, apirilaren 22an, hasiko dute doaniko euskal dantza tailerra gizon-emakume txiki, gazte eta zaharrentzat. Interesatuak telefonoz, 0221- 452276 edo 5561287 zenbakietara deituz, edo whatsappez idatziz, edo sare sozialen bidez jar daitezke harremanetan.
Ongi Etorri Euskal Etxea Instagramen: centrovascomagdalena
Ongi Etorri Euskal Etxea Facebooken: Centro Vasco Magdalena