euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Magdalena Mignabururen ‘Gure Arropa’ erakusketa ibiltariak bere azken geldialdia egingo du Bizkaiko Karrantza herrian

2017/11/02

Magdalena Mignaburu Karrantzako Kultur Etxean
Magdalena Mignaburu Karrantzako Kultur Etxean

PUBLIZITATEA

Euskal jantzi tradizionalen bilduma euskal etxez euskal etxe ibili da Argentinan 2011 geroztik, Magdalena Mignaburu bere egilearen eskutik. Orain erakusketak bidaia luzeena egin du Atlantikoaren beste aldeko herri batera bertan geratzearren. Bizkaiko Karrantza herriari utzi dizkio dohaintzan Mignaburuk bere jantziak eta herriak propio egokituko dituen Turismo Bulegoko bi aretotan egongo dira ikusgai, oraingoan Euskal Herriko publikoarentzat.

Karrantza, Bizkaia. Zenbait arrazoi izan ditu Magdalena Mignaburu irakasle argentinarrak ‘Gure Arropa’ osatzen duten hogeita zazpi jantziak Karrantza herriaren esku uzteko, Bizkaiko Enkarterrietan. Garrantzitsuena, maite duen leku bati opari bat egitea. Bere esanetan, “etxez aldatu behar nuen eta ezin nituen jantziak leku berrira eraman. Beraz, erabaki nuen erakusketa dohaintzan uztea; eta trajeak utzi behar banituen, maite dudan leku batean utzi nahi nituen; leku hori Euskadi da, eta Euskadin, Karrantza herria bururatu zitzaidan berehalaxe. Urte batzuk badira bertako Vikario Albion familia ezaguru nuela eta haiek atsegin handiz ezagutarazi zizkidaten harana eta bertako eremuak. Eta maitemindu egin nintzen lekuarekin. Erakusketa beraientzako eta lekuarentzako oparia da”.

Operazio honen eta ‘Gure Arropa’ erakusketaren aurkezpena Karrantzan, urriaren 27an izan da herriko Kultur Etxean urriaren 27an. Lagun ugari bertaratu ziren, tartean 2009ra arte Eusko Jaurlaritan Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendari izan zen Josu Legarreta. Erakustaldiari hasiera emateko, dohaintzaren agiria sinatu zuten Magdalena Mignaburuk eta Raul Palacio Karrantzako alkateak. Horren ostean Aurresku dantzatu zien herriko dantzari batek eta berehala Mignaburuk hartu zuen hitza ‘Gure Arropa’ bilduma nola sortu zen kontatzeko.

Jantzi bakoitzaren esanahia ere azaldu zuen irakasleak eta Argentinako euskal aztarnez mintzatu zen. Ekintza amaitu aurretik Legarretak eta Mignaburuk elkarrekin idatzitako Urazandi bildumako ‘Somos Vasco Argentinos’ liburua utzi zioten Karrantzako Udalari.

“Erakusketak, Argentinan hainbeste kilometro han-hemenka ibili eta gero bazuen garaia 'etxera' ailegatzeko”, esan digu Mignaburuk erakusketaren egoitza berria zein izango den kontatzean. “Orain Karrantzako Kultur Etxean dago baina aste pare barru herriko Turismo Bulegoan jarriko da ikusgai. Bertan erakusketa iraunkor moduan geratuko da, propio egokitzen ari zaizkion bi aretoetan”, jakinarazi digu bildumaren egileak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia