euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Magdalena Mignaburuk FEVAren historiari buruzko liburua aurkeztuko du gaur hasiko den Baireseko Liburu Azokan

2007/04/16

Magdalena Mignaburu, erdian, bere eskuinera Mariluz Artetxe FEVAko lehendakaria eta ezkerrean Marieli Diaz de Mendibil Jaurlaritzako ordezkaria Argentinan, liburuaren Cordobako Euskal Aste Nazionaleko aurkezpenean
Magdalena Mignaburu, erdian, bere eskuinera Mariluz Artetxe FEVAko lehendakaria eta ezkerrean Marieli Diaz de Mendibil Jaurlaritzako ordezkaria Argentinan, liburuaren Cordobako Euskal Aste Nazionaleko aurkezpenean

PUBLIZITATEA

Magdalena Mignaburu irakaslea da eta Diasporan aditua. 2005ean FEVAk botatako erronka hartu zuen bere gain: erakundearen mende erdiko historia jaso eta liburu batean biltzea. Lan horren fruitua Buenos Aireseko Liburu Azokan aurkeztuko du idazleak bihar zortzi, 24an. Egun, beste bi proiektuetan murgilduta dabil Mignaburu, hauek ere FEVAren eskutik: Argentinan euskarak zein euskal dantzek izan duten bilakaeraren historia ikertzea. Guzti hau Diaspora Vasca Argentina webgunetik egiten duen lana albora utzi gabe. 'Gure memoria gordetzea izan da nire betiko kezka', azaldu dio BasqueHeritage.com-i.
Iparraldeko euskaldunen ondorengoa, Mignaburu 2000 urtean hasi zen zinez euskal Diasporan parte hartzen, Euskal Herrira egindako bidaia baten ondoren. Bidaia hura esperientzia oso eraginkorra suertatu zitzaion eta Argentinara bueltaturik Buenos Aires aldean lanean ari ziren euskal erakundeen bila hasi zen. Horrela kontaktatu zuen, adibidez, Juan de Garay Fundazio Euskal Argentinarrarekin eta Buenos Aires probintziako beste euskal etxe batzuekin.

2005ean Laurak Bat Euskal Etxeko berri-buletin baten bidez FEVAk bere mende erdiko historia biltzeko antolatu zuen lehiaketaren berri izan eta aurkeztea erabaki zuen. Erakunde honen inguruko ikerketa lehiaketaren haritik hasi zuen Mignaburuk, baina aurretik material ugari zuen bilduta Argentinako euskal Diasporari buruz, ikerketan oso erabilgarria izango zitzaiona.

FEVAren historian murgilduta

Lan horren emaitza izan den liburuak ardatz kronologikoa dauka, Euskal Herrian gertatu eta Argentinako euskal komunitatearenganainoko eragina izan zuten gertakariak biltzen dituelarik. 'Ikerketa prozesuan erabilitako iturriak asko izan dira. Horien artean batzuk izendatzearren, Urazandi bildumako liburuak daude, batez ere Mar del Plata, Rosario, Bahía Blanca eta Laurak Bat etxeei buruzkoak. Beste iturri batzuk FEVA eta CEVA (Confederación de Entidades Vascas de América) elkarteetako buletinak, FEVA eta euskal etxeetako artxiboak edo Eusko Deya, Tierra Vasca eta Zutik aldizkariak izan dira', diosku Mignaburuk. [Ezkerreko irudian liburuaren azala]

Informazioa biltzeko topatu dituen arazoengatik galdetzean, egileak buruhauste gehien eman ziona gaiari buruz aurretik idatzitako material idatzirik eza eta zeuden iturriak sakabanatuta egotea aipatzen ditu. Hori dela-eta ikerketa prozesuan idazleak bidaia asko egin behar izan zituen Buenos Aires probintzian zehar, bertako euskal etxeetako artxiboetan informazioa bilatu ahal izateko.

Exiliatuen eragina

Deigarriak gertatu zaizkion datu historikoei buruz, Mignaburuk exiliatuen papera dakar gogora. 'Atentzioa deitu zidan, ordura arte ez nekielako ezer, exiliatuek Argentinan euskal sentipenaren sorrera eta gorakadan izan zuten eraginarenak. Euren abertzaletasunak lur hauetara aspaldi etorritako euskaldunen sentimendu eta kontzientziak harrotu zituen eta euskal berpizkunde honetan berebiziko eragina izan zuen'.

Proiektuan murgiltzeko arrazoia, Mignabururentzat FEVAk deitu zuen lehiaketan parte hartzeaz haratago zihoan. 'Lehiaketa garrantzitsu batean parte hartzea erronka handia izan zen (...) baina Argentinako euskal memoria gordetzeko aukera ezinhobea iruditu zitzaidan, are gehiago material asko dagoeneko galdu dela eta galtzen ari dela kontuan izanda'. Horrela, liburuaren asmoa 'euren etnia eta aberriaren alde lana egin zuren gizon eta emakume horiei omenaldia egitea izan da; heroi isilak, izenik gabeak izan ziren eta liburuarekin ahaztuak ez izatea lortu nahi izan dut'.

Lehen aurkezpena Cordoban

Liburuaren lehendabiziko aurkezpena Cordoban egin zen 2006ko Euskal Argentinar Aste Nazionalean, FEVAko euskal etxeen bileran. 'Une hunkigarria izan zela esatea gutxi litzateke; une hori, nire seme-alaben jaiotzarekin batera, bizitzako une zoriontsuenetakoa izan da', diosku Mignaburuk liburua ikerketa enkargatu zion erakundearen aurrean aurkeztu zuen unea gogoratuz. [Eskuineko irudian Cordoban eginiko aurkezpena ]

Bertan bildu zirenen artean, euskal etxeetako ordezkariez gain, Juan José Ibarretxe lehendakaria; Josu Legarreta, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria; Marieli Diaz de Mendivil, Euskadiko ordezkaria Argentinan; Mariluz Artetxe, FEVAko lehendakaria; eta José Orbaiceta, FEVAko liburuaren koordinatzailea zeuden, besteak beste. Ekitaldia bukatzeko, liburuaren ale bat oparitu zion FEVAk lehendakariari. Orain liburua Buenos Aireseko Azokan aurkeztuko dute, bihar zortzi, apirilaren 24an, Domingo Faustino Sarmiento aretoan, arratsaldeko 18:30tan.


Lotura interesgarriak Buenos Aireseko 33. Liburu Azoka
hilaren 16tik maiatzaren 7a arte

FEVA
www.fevaonline.org.ar

Diáspora Vasca Argentina webgunea
www.diasporavascarg.com.ar

Euskal kulturak tarte handia izango du Buenos Aireseko Liburu Azokan
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 13an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia